Leitzako mendietan bildutako 141 espezie plazaratu dituzte Mikologialdian

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 14a, 12:00

Udazkeneko loreak, perretxikoak, protagonista izan dira asteburuan Leitzan. Mikologialdiaren hamabigarren edizioaren barne, Garrapo elkarteak emandako hitzaldia entzun, larunbatean bilketa lana egin eta igandean erakusketa mikologikoa ikusteko aukera izan dute.  141 espezie jarri zituzten ikusgai, denak Leitzako mendietan bilduak. Horiekin batera, Erleta Eskolako neska-mutikoek egindako eskulanek apaindu zuten karrapea.

Inoiz baino lehenago izan da aurten Leitzako Mikologialdia eta utzitako uzta ez da urria izan. Ostegunean, urriak 10, eman zieten hasiera ekitaldiei, Garrapo Elkarteko kideek emandako hitzaldiarekin. Jende asko bildu zen Ultzamako onddo barruari buruz emandako azalpenak aditzera eta Leitzan halakorik jartzeko aukeraz ere luze aritu ziren solasean. Larunbatean, urriak 12, mendiko botak jantzi eta perretxiko bila joateko hitzordua egina zuten. 60 lagun inguru, haur, gazte zein heldu elkartu ziren eta perretxiko eta onddo sail polita bildu zuten. Hainbat herritarrek beren kabuz ere bildu zituzten aleak, igandeko erakusketa mikologikoan ikusgai jartzeko. Larunbat arratsaldean egin zuten jasotako guztiaren sailkapena; denera, 141 espezie bereiziz eta igandean, plazaratu zituzten guztiak. Benetako perretxikoen aldamenean, irudimena dantzan jarrita sortutakoak; Erleta Eskolako neska-mutikoek egindako eskulan eta marrazkiak ere jarri zituzten ikusgai.  Horien guztien bueltan, adituak, biltzaileak edota etxeko ttikienen lanak ikustera gertutakoak... denen biltoki izan zen Karrapea. Baita, perretxiko jaleena ere, 120 pintxo inguru saldu zituzten-eta. Herriko hainbat merkatarik ere, hitzorduarekin bat egin eta udazkeneko elementuak erabiliz apaindu zituzten erakuslehioak. Antolatzaileak gustura daude hamabigarren edizioak izan duen harrerarekin: «herritarrak inplikatu direla ikusi dugu: antolakuntza lanetan jende berria aritu da, larunbateko bilketan haur eta guraso askok parte hartu dute, Erletako ikasleek eskulan oso dotoreak egin dituzte eta igandean jende asko etorri da erakusketa ikustera». Herriko merkatariek hitzorduarekin bat egin izana ere eskertu dute: «gehienek erakusleihoak apaindu dituzte udazkeneko elementuak erabiliz. Bide batez, Sagasti jatetxeari eskerrak eman nahi genizkioke, urtero pintxoekin banatzen ditugun edariak dohainik ematen dizkigulako».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun