Ruben Saralegi leitzarrak larunbatean jokatuko den Urrezko Aizkolarien Ligako finalean parte hartuko du

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 10a, 12:00

Saralegi ezkerrean, larunbatean arerio izanen duen LarraƱagarekin.

Finala Urrestillako (Gipuzkoa) Txikuri pilotalekuan jokatuko da eta Saralegirekin batera, Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a ariko dira aizkoran, txapelaren bila.

Ekainaz geroztik jokatu diren kanporaketatik, hiruk lortu dute larunbat honetan, urriak 12, Urrestillan jokatuko den Urrezko Aizkolarien Txapeldunen Ligako finalerako txartela: Ruben Saralegi leitzarrak, Mikel Larrañaga azpeitiarrak (Gipuzkoa) eta Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrak (Gipuzkoa).

Lehia 12:00etan hasiko da eta aizkolariek 30 enbor ebaki beharko dituzte, bortz modalitatetan banatuta; kolpeak kontuan hartuko diren proban, erlojuaren kontrakoan, zutika enborra ebakitzen, abiadura neurtzeko proban eta lan erdira egin beharko duten proban ariko dira.

Jaialdi berean, harri-jasotzen ere ariko dira: Virginia Finoi, Karmele Gisasola Zelai III.a eta Udane Ostolaza (14 urte).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun