Goizuetako Goxali ludotekak datorren astean irekiko ditu ateak

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 3a, 13:30
Neska-mutilak duela urte batzuk Goxali ludoteka-liburutegiaren ikasturte bukaerako festan.

Goizuetako Goxali liburutegi-ludotekak heldu den astean hasiko du 2019/2020 ikasturtea. Aisialdi-gune honen helburua jolasean aritzeko, harremanak eraikitzeko eta irakurketa zein etxerako lanak egiteko espazioa eskaintzea da.

Hiru eta hamalau urte bitarteko haur eta gaztetxoen sozializazio eta aisialdi osasungarria sustatzearekin bat, autonomia, kritikotasuna, sormena, talde lana, ardura, integrazioa eta bestelako gaitasunak lantzeko bitartekoak eskainiko ditu. Zerbitzua doakoa da eta ludoteka eta liburutegi zerbitzuaz gain, jolasak, tailerrak eta eskola-laguntza ere izanen dute.

Ludoteka eta jolas-tailerrak

Haur Hezkuntzakoentzat astelehenetan 17:00etatik 18:00etara eta Lehen Hezkuntzakoentzat 18:00etatik 19:00etara ludoteka zerbitzua izanen da; ostiraletan, berriz, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailakoentzat eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailakoentzat.

Jolasak eta tailerrak hilabeteko azken ostegunetan eginen dituzte, 17:00etatik 18:00etara; zehazki honako egunetan: urriaren 31n, azaroaren 28an, abenduaren 19an, urtarrilaren 30ean, otsailaren 20an, martxoaren 26an, apirilaren 30ean eta maiatzaren 28an.

Liburutegi zerbitzua eta eskola-laguntza

Leitzako liburutegian dagoen liburu edo filmen bat hartzeko zerbitzua ere eskainiko dute. Irakurleek, liburuak itzultzeko, jasotzen diren momentutik hilabeteko epea izanen dute eta eskaerak prebentzioa@lagagizartezerbitzua.org helbidera idatziz edo 948 51 08 40 telefonora deituz egin daitezke.

Beharra duten ikasleentzat eskola-laguntza ere eskainiko dute asteazkenetan. Dena dela, zerbitzua eskolak eta Gizarte Zerbitzuak elkarlanean kudeatu beharko dute. Hortaz, familiek  berri zehatzagoa izateko horiekin harremanetan jarri beharko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun