Euskal Herriko lehen mailako aizkora txapelketako kanporaketa urriaren 5ean jokatuko dute Gasteizen

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 3a, 07:30

Jon Rekondo eta Ruben Saralegi leitzarrak izanen dira Euskal Herriko lehen mailako kanporaketan.

Jon Rekondo eta Ruben Saralegi leitzarrak izanen dira eskualdeko ordezkariak

Euskal Herriko lehen mailako aizkora txapelketaren kanporaketa jokatuko dute urriaren 5ean, larunbatean 18:00etan hasita Gasteizko Foruen Plazan. Hamaika aizkolari ariko dira eta lehenbiziko sei postuetan sailkatzen diren aizkolariek urriaren 27an Gasteizen bertan jokatuko den finalerako txartela lortuko dute.

Berez hamabi aizkolari daude lehen mailan, baina Joseba Otaegik ez aritzea erabaki du eta, ondorioz, 2020rako bigarren mailara jautsiko da. Hamaika aizkolarietatik hiru nafarrak izanen dira: Iker Vicente eta Leitzako Jon Rekondo eta Ruben Saralegi. Gipuzkoak izanen du ordezkaritzarik zabalena, zazpi aizkolarirekin: Iñaki Azurmendi, Mikel Larrañaga, Eneko Otaño, Julen Alberdi, Ugaitz Mugertza, Jesus Mari Mujika eta Luis Txapartegi. Aitzol Atutxa izanen da bizkaitar bakarra.

Aizkolari bakoitzak seina enbor moztu beharko ditu, 54 ontzako, 60 ontzako eta 72 ontzako bina. Sei lehenbizikoek urriaren 27an, eguerdiko 12:00etan Gasteizko Iradier Arenan jokatuko den finalerako txartela lortuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun