Euskal Herriko Jardunaldi Feministen aurkezpena eginen dute ostegunean Leitzan

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 24a, 15:21

Maiatzean eman zuten hitzorduaren berri.

Salda badago izenburupean, azaroaren 1ean, 2an eta 3an eginen dituzte Durangon Euskal Herriko V. Jardunaldi feministak. Ostegunean, hilak 26, 18:30ean Atekabeltz herrigunean eginen dute jardunaldien aurkezpena eta ondoren brindis beroa. Aurkezpenera joateko haurtzaindegi zerbitzua eskatu nahi duenak sastrakak@gmail.com helbidera idatzi beharko du.

Euskal Herriko Jardunaldi Feministak Euskal Herriko talde feminista ugarik bultzatutako jardunaldiak dira, feminismoarekin lotutako gai desberdinei buruz eztabaidatzea eta Euskal Herriko Mugimendu Feministaren orainaz gogoeta egin, etorkizunerako ildoak finkatu eta feministen arteko komunikazioa bultzatzea helburu dutenak. Euskal Herriko Koordinadora Feministak hartu izan du jardunaldi hauek antolatzeko ardura eta hainbat talde feministek eta norbanakoek parte hartzen dute. 1977ko abenduaren 8tik 11ra EHUko Leioako Campusean egin zituzten lehenbiziko jardunaldiak  eta 3.000 emakume bildu ziren. 1984an, 1994an eta 2008an bildu ziren hurrena eta aurtengoa, bosgarren edizioa izanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun