DJ Makala ezaguna irakasle dela, Musika sortu, nahasi eta zabaltzeko aplikazioak ikastaroa antolatu dute Euskarabideak eta Nafarroako Gobernuak urriaren 4an Leitzan. Urriko lehen ostiralean, 18:00etatik 20:00etara eginen dute liburutegian 14 urtetik gorakoei eskainitako ikastaroa da.
Mugikorrek, tabletek eta antzeko gailuek eskaintzen dituzten musika-aplikazio berriekin ariko dira modu erraz, intuitibo eta dibertigarrian. Musika sortzea, nahastea eta, azkenik, zabaltzea izanen da helburua. Ez da beharrezkoa musika ezagupen edo ikasketa berezirik edukitzea.
Izena emateko epea irailaren 23an hasi da eta urriaren 2an bukatuko da. Gehienez ere 20 lagunentzat lekua izanen da (20 lagun baino gehiago apuntatuz gero, taldea osatzeko izen-ematearen ordenari erreparatuko zaio). Izena emateko mezu bat bidali behar da laga@iparmank.eus helbidera, izen-abizenak eta telefono zenbakia adieraziz, eta “musika-aplikazioak ikastaroa” aipatuz. Lantegi honetan parte hartzeko beharrezkoa da smartphonea edo tableta eta aurikularrak eramatea.