Leitzan taloaren aitzakian pesta borobila dute prest iganderako

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 18a, 14:00

Billabona eta Salaregi talogileek taloak prestatuko dituzte goizez eta arratsaldez.

Eguerdian erraldoi eta buruhaundien konpartsa aterako da eta arratsaldean hirugarren irrintzi lehiaketa eginen dute.

Irailaren 22an, igandean, hamabosgarren edizioa beteko du Leitzako Talo Egunak. Goizean, 10:00etan irekiko dute azoka eta Saralegi eta Billabona talogileek egindako taloak eta inguruko herrietatik bertaratutako artisauen produktuak erosteko aukera izanen da goizez zein arratsaldez. Tresneria zaharren erakusketa ere jarriko dute eta Leitzako ostalariek taloak osagai bezala erabilita prestatutako mokaduak ikusteko aukera ere izanen dute bisitariek, ideia berriak hartzeko. 12:00etan erraldoi eta buruhaundien konpartsa aterako da eta saioa eskainiko dute plazan. Ordu berean, eskualdeko talo lehiaketa hasiko da. Bertan parte hartu nahi dutenek 11:00etatik aurrera izanen dute izena emateko aukera. 

III. Irrintzi Txapelketa
Arratsaldean irrintzi doinuak zabalduko dira plaza inguruan. Hirugarrenez antolatu dute Irrintzi Txapelketa eta parte hartu nahi dutenek 11:00etatik aurrera izanen dute izena emateko aukera. Bi taldetan banatuta ariko dira, 17:00etan haur eta gaztetxoak eta 18:00etan helduak. Batzuek zein besteek sariak izanen dituzte; beraz, has zaitezte eztarriak berotzen!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun