«Anima zaitezte zirkuak duen magia hurbiletik sentitzera»

E. IRAOLA 2019ko ira. 19a, 15:00
Tronboia, zeharkako xirula, tronpeta eta teklatua jotzen ditu Unaik Gure Zirkuko emanaldietan.

Unai ZABALETA ALDUNTZIN Gure zirkuan ari den leitzarra
Gure Zirkuko emanaldiak musikaz janzten ari da Leitzako musikaria. Ilusioz hitz egin digu lortzen ari direnaz; argiak itzalita egiten duten lan guztia ikusleen irribarretan islatzen delako

2018ko udan hasi zen Gure Zirkuaren bidaia. Lau hilabetez ibili ziren Euskal Herrian aurrera eta atzera eta iazko arrakasta ikusita, errepidean dira aurten ere; udako egunak udazken-neguraino luzatuz. 
Laster eginen dute eskualdera bisita: irailaren 23tik  urriaren 6ra Elizondon izanen dira eta urriaren 7tik 20ra Leitzan.  Zirkuko partaidea den Unai Zabaleta Alduntzinekin bildu da ttipi-ttapa.
Zer da Gure Zirkua? 
Zirku klasiko bat da, profesional asko biltzen dituena. Emanaldiz emanaldi dena ematen saiatzen gara: ilusioa, bizipoza, algara, emozioa... eragiteko. Hasieratik izan da gure nahia jendeak Gure Zirkua esatean, benetan, beraiena dela sentitzea: 'Hauxe da gure zirkua!' esatea.
Euskal Herriko aurreneko zirku ibiltaria da. 
Bai, hala da. Badira aurretik ere, zirkuan dabiltzan euskal artistak, baina, egia da Euskal Herrian aurreneko aldia dela, hainbat diziplinetako artistak elkartu, zirkua osatu eta euskaraz emanaldiak eskaintzen ari dena.
Barrenetik, artista bezala, nola bizi duzu zirkua?
Oso ederra izaten ari da; esperientzia zoragarria. Eskertzekoa da Iker Galartzak amets hau gauzatzeko gurekin pentsatu izana. Artista bezala zirkuak ematen digun guztia hitzez azaltzea zaila da oso.   Jendea zirkutik irribarre batekin nola ateratzen den ikustea, zorionak eta eskerrak nola ematen dizkizuten ikustea… ikaragarria da. Baina, ordu eta erdiko emanaldi horretatik haratago, zirkua bizitzeko modu bat ere bada. Taldekideek dugun hartu-emana, elkarlana... Zirkuan ez baikara musikaria edo magoa bakarrik, denok egiten dugu denetarik: muntaian aritu, txartelak prestatu, pista garbitu, antolaketa lanetan aritu... hori guztia ere bada zirkua.


Nori dago zuzendua emanaldia? 
Zirkua haurrekin lotu izan da maiz, eta hori ez dut uste egokia denik. Zirkuak ez du adinik, ikus-entzule guztiei zuzendua dago. Edo ezin al du, akaso, edozeinek gozatu malabarista edo trapezista baten saioaz, musika entzun edo pailazoen ateraldiekin barre egin?  Zirkua denontzat da, ez du adinik eta horregatik irakurleei esanen nieke ez edukitzeko erreparorik. Anima zaitezte zirkuak duen magia hurbiletik sentitzera. Nik uste, eta umil diot, ez zaretela damutuko.
Harrera beroa egin dio orain arte jendeak zirkuari. Eskualdera heldu zareten orain...
Orain arte, zorionez, ikaragarrizko arrakasta izan du: betekada aldiro, sarrerak agortuta... Eskualdera heldu gara orain eta izugarrizko ilusioa egiten dit hemen aritzeak. Elizondon familia eta lagunak ditut eta Leitza, zer esan, nire herria da. Gogotsu nago, pozik, baina, era berean, onartu behar dut herritik kanpo lasaiago aritzen naizela. Hasi aurreko tentsioa handiagoa da etxean ari zarenean.
Noiz izanen dira emanaldiak?
Irailaren 23an jarriko dugu karpa Elizondoko Merkatu Plazan eta bi astez egonen gara bertan. Handik, urriaren 6an Leitzarako bidea hartuko dugu eta 7an igerileku ondoan muntatuko dugu karpa. Batean zein bestean, ostiralean, larunbatean eta igandean izanen ditugu emanaldiak: egun bakoitzean bi saio. Denera 20 saio dira, baina, sarrerak zer nolako ziztuan saltzen ari garen ikusita, zirkura etorri nahi duenak hobe du lehenbailehen erosten baditu. Elizondoko Fantxiken, Leitzako Maimurren eta interneten www.eventbrite.es web orrian 12 euroren truke dituzue eskuragarri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun