Hainbat arazo izan dituzte Mendialdea Mankomunitateko zabor-bilketa zerbitzuan

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 16a, 13:30
Kanpoko enpresa bat arduratzen da, momentuz, bilketa lanak egiteaz.

Bitarteko materialak falta eta langileak ordezkatzeko arazoak dituztela azaldu dute Mendialdea Mankomunitateko ordezkariek. Irtenbide bila ari dira eta momentuz, kanpoko enpresa bat kontratatu dute Leitza, Goizueta, Areso, Arano, Lekunberri eta Larraungo zabor-bilketaz arduratzeko.

Egoerak gain hartu dietela onartu du Unai Loiartek, Mendialdea Mankomunitateko lehendakariak: «hainbat gorabehera pilatu zaizkigu aldi beretsuan: bilketa kamioietan zenbait matxura izan ditugu eta  abuztuaren 30ean istripua izan zuten bilketa kamioiarekin. Gainera, lau langileetatik hiru bajan daude eta ordezkorik ez dugu». Egoerari irtenbidea emateko, «bajak ordezkatzeko bi deialdi» egin dituztela azaldu du Loiartek, «baina ezin izan da inor kontratatu». Laster egitekoa dute beste lan-deialdi bat eta horregatik, «norbaitek interesa edukiko balu, gurekin harremanetan jartzera gonbidatu nahi genuke». Momentuz, kanpoko enpresa bat kontratatu dute Leitza, Goizueta, Areso, Arano, Lekunberri eta Larraungo zabor-bilketaz arduratzeko. Zerbitzua etenda egon den bitartean, zaborra pilatu da han eta hemen, eta horregatik, barkamena ere eskatu nahi izan diete herritarrei: «sortu ahal izan diren eragozpenengatik barkamena eskatu nahi diegu eta egoera lehenbailehen bideratzeko lanean gabiltzala jakinarazi nahi dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun