Adimen gaitasun handia zama edo oparia?

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 14a, 09:00
Ane Intxausti, leitzar gaztea, psikologia ikasten ari da egun.

Ane INTXAUSTI LASARTE Leitzako gaztea

Hamar urte zituela jakin zuen Ane Intxaustik adimen gaitasun handia zuela. Luzaroan «zama» izan dena «oparitzat» du egun.

«Mundua ikusteko eta bizia bizitzeko modu berezia» du Ane Intxaustik (Leitza, 1995). Adimen gaitasun handia du, adituen arabera «biztanleriaren ehunetik bik» baino ez duten ezaugarria.

Identifikazio goiztiarra
Ez dago ama baino azti hoberik, ezta norberak bere burua bezala ezagutzen duenik ere: «oso-oso txikia nintzenetik berezitasunen bat antzeman zidan, zenbait egoera ez nituela gainerakoek bezala bizitzen eta sentitzen nabaritu zuen». Haurtzaroan «zama handia» izan zen hori: «neure burua ez nuela ezagutzen eta ulertzen jakinda ere, ez nuen horren arrazoia zein zen urte batzuk geroago arte jakin». Adimenaren eta adinaren desorekak eraginda, maiz adinekoen artean «lekuz kanpo» sentitu izan da. Are gehiago, «nire berezitasunen nondik norakoez jabetzen ez nintzenez, haien erritmora egokitzeko zailtasunak izan ditut». Sentipenei aurre eginez, adinekoekin egoteko «esfortzua egin» izan du baina «ez naiz inoiz haurra sentitu».

«Arrotza ez izateko ingurura egokituz bizi izan naiz»

Koskortuta, «gainerakoekin batera hezkuntza musikala ikasten hasi nintzen». Horretan ere ikas-erritmo bizia izan zuen: «hamaika urterekin, akordeoia garraiatzeko indarrik ere ez nuela, kontserbatorioan hasi nintzen». Astean hiru arratsalde Iruñean pasatzen zituen: «eskolatik korrika atera eta 20:30 arte ez nintzen etxera iristen». Kezka eta jakin-min ugari izan ditu txikitxikitatik eta, ondorioz, ekintza ugari probatu ditu: «akordeoia, bertsolaritza, balleta, gimnasia erritmikoa...».  

Hezkuntza Sistemaren mugak
Eskola garaiko oroitzapenak oroimenean iltzatuak ditu Intxaustik: «momentu gogor asko bizi izan ditut». Horren oinarrian Hezkuntza Sistemaren mugak ekarri ditu gogora: «ez dago adimen gaitasun handiak ditugun ikasleontzat prestatua, ezta beste hainbat behar dituzten haur eta gazteentzat ere». Aniztasunari behar bezala erantzuteko aldaketen beharraz ere hitz egin du: «Hezkuntza Sisteman aldaketak egin eta aurrerapausoak ematea gustatuko litzaidake baina goitik beherako aldaketa ezinezkoa dela uste dut. Beraz, behetik gorakoa izan behar du. Ikasle guztion beharrei erantzuteko irakasle eta hezitzaile bakoitzaren lanketa behar da». 


 
Egia jakin eta aurre egin
Ongi oroitzen du egia jakin zuen momentua: «ikaskide batek gaindotatua nintzela esan zidan eta etxera negarrez joan nintzen. Amak orduantxe kontatu zidan». Hamar urte zituen orduan, baina ez zuen pausorik eman hamahiru urte izan arte: «ikasgelan ez nintzen gustura sentitzen eta egoera aldatzeko beharra nuela erabaki nuen. Orduan amak eskolara joan eta irakasleekin eta orientatzailearekin hitz egin zuen. Bederatzi urterekin eginak nituen Weschler eskalako probak berriz egin behar izan nituen adimen handikoa nintzela berrets zezaten. Emaitzak jaso eta proposamena entzutean hartu nuen erabakia: kurtsoz pasatu eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren mailarik ez nuen egin». Aldaketa «onerako» izan zen: «adin horretan ikasturte batetik bestera heldutasunean alde handia dago eta hori nabaritu nuen. Oso ongi hartu ninduten». 

Arrotz izatearen beldur
Begi bistan denaren atzetik, sentipen mikatzak bizi izan ditu leitzar gazteak: «ingurukoen pertzepzioak ez du nire bizipenekin bat egin». Inork gutxik pentsatuko luke «sozializatzeko eta onartua izateko lan handia» egin duela. Zentzu horretan, «bakardadea» sentitu du: «ez naizela ni izan sentitu dut, besteak bezalakoa izateko ahalegin horretan bizi izan naiz: azalpenak emanagatik, ez naute ulertzen». 

Ez ulertze horretan gizarteak adimen gaitasun handiak dituztenekiko eraiki duen irudia dago, «zuzena ez dena». Desikasten ikastea erraza denik ezin esan, baina zenbaitetan ahotsa ematea aski da: «zorionekoa naizela esan izan didate, buruaren prozesamendu azkarra, memoria fina, ikasteko erraztasuna eta sormena garatua izateagatik, baina ez dute orain arte bizi izan dudana bizi eta ez dakite zer den hori». 

«Gizarteak duen irudia aurreiritziz josia dago»

Dena dakitelako ustea ere hedatua da, «eta horrek gure izatean badu eragina». Intxaustiren kasuan bere buruarekiko «zorroztasuna errotzeko» bitarteko izan dira aurreiritziak: «nik ezin nuela ezertan huts egin sentitu izan dut». Gizarteak oharkabean markatutako norabidean ibili da berriki arte: «denak interesa eragiten zidanez, edozer ikasteko prest nintzenez, aholkuak segi eta ingeniaritza ikasten hasi nintzen. Baina ez ninduen asebetetzen eta uztea erabaki nuen». Uzteko erabakia hartzea ez zen erraza izan, «ez asmatzeak beste edonori ez bezalako frustrazioa eragiten baitit». 

Ogi gogorrari hagin zorrotzarekin kosk eginez, «eta Hezkuntza Sistemarekiko bateragarria ez nintzela onartuz», urrutiko hezkuntzarako unibertsitatera jo zuen gero, psikologia ikasteko. Gustuko tokian ez du aldaparik izan eta «ordura arteko eskolaldian garatu gabeko ikas-ohiturak arazorik gabe» hartu ditu. Argi dago zein den bidea: norberak erabaki geroa, horixe da arrakastarako gakoa. 

«'¿Demasiado inteligente para ser feliz?' liburuak lagundu dit neure burua ulertzen»

«Liburuak» izan dira Ane Intxaustiren arnasgune: «egun pil-pilean dagoen gaia denez jendeak badu horren inguruko interesa eta ikerketak eta bestelako materiala ere badago». Berriki arte, ordea, «gai tabua» zenez, «horri buruzko informazioa bilatzea zaila zen eta neure kabuz egin ditut bilaketak eta hausnarketak». Bilaketa horien artean mugarri nagusietako bat ¿Demasiado inteligente para ser feliz? liburua izan da: «gaitasun handia dugunon berri alderdi guztietatik eman eta sakon aztertzen duelako». 

Alderdi emozionala 
Autoikaskuntzari esker, «ikuspegia aldatu» zaiola gaineratu du: «ez nuen zoriontsu izan nintekeenik uste eta liburuak horretarako bide eman dit». Aldaketa horretan  «gizartean dagoen ikuspegi desegokia deuseztatzea eta beste alderdi batzuk ezagutzea izan da gakoa. Ordura arte ez nuen hipersentsibilitatearekin lotzen. Liburua irakurtzen ari nintzela, nire sentipenekin bat egiten zuela ohartuta, argia ikusi nuen».

«Ez dut inork ni ulertzerik lortu eta besteak nigandik ere ez dira ulertuak sentitu»

Gaitasun handikoen alde ezezagunetako bat horixe dela esanen luke: «hauskorrak gara eta beste batentzat txikikeria dena guretzat izugarria izan daiteke». Zentzu horretan «alderdi emozionala landu eta babestu behar da. Maiz eskola porrotarekin lotzen bada ere, oinarrian dagoena arazo akademikoaz gain, emozionala eta soziala ere bada». 

Kirola, osasun mentala
Oraindik orain, gorabeherak izaten ditu: «emozionalki ez naiz lineala eta zenbaitetan ideia bonbardaketak izaten ditut. Halakoetan ez dakit zer pasatzen zaidan burutik, ez naiz ideiak identifikatzeko gai eta burua galtzen ari naizela pentsatzen dut». Horri aurre egiteko «kirola» du sendabide: «burua gelditzeko modu baka- rra da. Lesioak izan ditudanetan hutsune handia nabaritu dut». «Beti» gustatu izan zaio kirola, eta 8-9 urtez atletismoan ibili da. Baina bere kasuan «osasun fisikorako baino, mentalerako beharrezkoagoa» zaio. 

Laguntza soziala
Liburua besapean hartu eta gorputza mugituz, bakarrik egin die aurre bere kezkei eta ezinegonei: «ez dut inguruko inork nik nahi bezala ulertzerik lortu, zaila da...». Ulertuezin hori, «norabide bikoitzekoa» dela argitu du: «besteak nigandik ere ez dira ulertuak sentitu».

«Sozialki gaiarekiko kezka handiagoa dago eta geroz eta erosoago sentitzen naiz»

Dena den,  «sozialki gaiarekiko kezka geroz eta handiagoa denez, geroz eta erosoago sentitzen naiz lehen deseroso sentitzen nintzen eremu eta espazioetan».Oro har, jendearengan ere aldaketa handia sumatu du: «lehen mesfidantza zerion jendeari orain jakin-mina dario eta horrek baikor izateko arrazoiak ematen dizkit». Bereziki, gertukoengan «aldaketa handia» sumatu du eta horrek bere burua «ezagutzeko eta onartzeko» bideak zabaldu dizkio: «ni neu izan naiz neure buruari muga gehien jarri dizkiona».

Mugak gainditzen jarraitzeko «pertsona egokiez inguratuta» sentitzen du bere burua. Are gehiago, orain liburuaren izenburuari erantzuteko ausardia ere baduela argi eta pozik adierazi du: «zoriontsu izan naiteke». 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun