XI. Stock azoka irailaren 14an eta 15ean eginen dute Leitzan

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 11a, 13:00

Kaxkabeltza elkarteko sei komertziok parte hartuko dute azoka berezian.

Kaxkabeltza elkarteko kideek udaberri-udako salgaiak plazaratuko dituzte beherapen bereziekin asteburuan

Kaxkabeltza elkarteko kideek XI. Stock Azoka eginen dute iraileko hirugarren asteburuan Leitzan. Elkarteko sei komertziok parte hartuko dute azoka berezian, udaberri-udako salgaiak beherapen bereziekin plazaratuz. Hain justu, Kulunka haurrentzako arropa eta oinetako denda, Leitza Kirolak, Garbi lurrindegia, Bi pauso oinetakoak, Biok jantziak eta Kapritxo arropa eta osagarri denda izanen dira azokan parte hartuko dutenak.

Plazan edo pilotalekuan

Eguraldiaren arabera zehaztuko dute azokaren kokalekua; eguraldi ona egiten badu, plazan jarriko dituzte postuak eta euria egiten badu Amazabal pilotalekuan. Larunbatean 10:00etatik 19:00etara eta igandean 10:00etatik 14:00etara egonen da zabalik. Erosketak egiten dituztenak saritzeko zerbait prestatzeko asmoa dutela aipatu dute  antolatzaileek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun