Leitzulian izen-emateko aukera zabalik dago irailaren 22ra arte

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 6a, 07:57
Kirolariek 42 kilometro eta 1.400 metroko ibilbidea osatu beharko dute.

Irailaren 28an izanen da baina 22an bukatuko da izen-ematea

Leitzako Aurrera Elkarteko Mendibil BTT taldekoek hirugarrenez antolatu dute Leitzulia mendi bizikleta proba. Iraileko azkeneko larunbatean izanen da, irailak 28, eta parte-hartzaileek 42 kilometro eta 1.400 metroko desnibel metatua duen ibilbidea osatu beharko dute.

Ez da proba lehiakorra izanen eta Leitzako kaskoak zeharkatuz osatuko dute itzulia. Bidean, edariak eskainiko dizkiete parte-hartzaileei bi puntutan, Basakabin eta Uitziko gainean eta helmugan ere ez dira jan-edanak faltako.  Parte-hartzaileen erosotasunari begira, dutxak, bizikletak garbitzeko mangerak, aparkalekuak... prestatuko dituzte. 

Kirolprobak.com atariaren bitartez bakarrik eman daiteke izena eta irailaren 22ra arte dago horretarako aukera. Federatuek 15 euro eta federatuak ez direnek 18 euro ordaindu beharko dituzte. Antolatzaileek emakumeak animatu nahi dituzte, «orain arte izena eman duten guztiak gizonezkoak dira eta».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun