Iker Salaberria pilotari goizuetarrak profesionaletara saltoa eginen du

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 27a, 11:37
2021eko azarora arte sinatu du Asperekin. Argazkia: Aspe

Asperekin kontratua sinatu du bi urtetarako eta azaroko bigarren asteburuan jokatuko du aurreneko partida

Pilotakadaz pilotakada ametsa egia bihurtzea lortu du Goizuetako aurrelari gazteak. Azaroaren 8 eta 10 artean, Aspe enpresaren eskutik, eginen du debuta profesionaletan: «aldez aurretik jaso dut urtebetetze oparia» dio pozez, ostegunean beteko baititu hogei urte. Lanean hasteko gogoz dago eta badaki gogotik lan egin beharko duela: «profesional mailako erritmora egokitu beharko dut. Hasieran, pixkan-pixkan joanen naiz».

 

Umetatik egon da Iker pilotari lotua. Angel Salaberria, pilotako epailea, da bere aita eta berari segika Labriten ematen zituen orduak: «sei bat urte nituenean hasi nintzen aitarekin pilotalekura joaten. Partida jokoan zen bitartean ni atzeko aldeko frontoian pilotan jokatzen aritzen nintzen. Partida jokatu behar zuten pilotariak nire aldamenean egiten zituzten beroketak. Orain haietako batzuekin ariko naiz pilotan».

Aspekoen deiak 2019a borobiltzeko modua emanen dio. Izan ere, garaipen sorta ederra bildua du dagoeneko: «Tolosa, Lezama, Mallabia eta Errenteriako binakako txapelketak irabazi ditut eta baita 22  urtez azpiko GRAVNI txapelketa eta Nafarroako herri-arteko txapelketa ere, Doneztebeko taldearekin». Bakarka, berriz, Bergarako lau terdiko txapelketa irabazi du. Laister jarriko da Jokin Etxanizen aginduetara eta Justo Lillorekin landuko dutalderdi fisikoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun