San Agustin eguna abuztuaren 28an Artikutzan

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 26a, 17:10
17:30ean hasiko da herri-kirol erakustaldia.

Aurten, ehun urte dira Donostiako Udalak lursaila erosi zuela

Heldu den asteazkenean, abuztuaren 28an, San Agustin eguna ospatuko dute Artikutzan. Urtero bezala, bertako ateak irekiko dituzte, eta hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izanen dute.

Hasteko, 11:00etan, meza izanen dute. Segidan, 11:30ean, bi pilota partida jokatuko dira, Goizuetako eta Oiartzungo pilota eskolek antolatuta.

17:30ean, herri-kirolen erakustaldian, hiru aizkolari bikote eta fardo jasotzaile bat ariko dira jardunean. Bukatzeko, 19:30ean, dantzaldia izanen da, Gabezin taldearekin.

Ohi bezala, egunean zehar, eskulanak erakusteko eta saltzeko postuak egonen dira, baita bi txosna ere, bazkaltzeko eta edateko. Artikutzako argazki zaharrak ikusteko aukera ere izanen dute.

Urte «berezia»
Donostiako Udaleko Ekologiako zinegotzi Enrique Ramosek nabarmendu duenez, «2019a urte berezia da, aurten baitira ehun urte Donostiako Udalak Artikutza erosi zuela. Donostia urteetan aritu zen jabeari ordaintzen ur haiek hornikuntzarako erabiltzeagatik, kalitate handikotzat jotzen baitziren, eta, 1919an, erosi egin zuen lursaila. Horren truke 3.250.000 pezeta ordaindu zituen, alegia, gaur egungo baliora ekarrita, 7,3 milioi euro inguru».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun