Saioa bukatu eta txapela jantzi ondotik, pozik ageri zen aresoarra: «oso kontentu nago. Lanak nahiko txukun egin ditut eta gustura geratu naiz txakurrek egindakoarekin. Aurreneko zatian hobeki aritu gara, bigarrenean ardiak ez dira itsituran sartu baina nik ahal nuen guztia egin dut». Ez da izan txapelketan parte hartu duen eskualdeko ordezkari bakarra. Joxe Mari Istilart amaiurtarrak hirugarren postua lortu zuen Ttipi txakurrekin eta Jorge Oteiza oronoztarra, berriz, bosgarren gelditu zen, Arakil txakurrarekin.
Eskualdeko hiru gazta sarituak
Artzain Egunaren baitan, beste hainbat lehiaketa ere egin zituzten; tartean, gazta lehiaketa. Sari nagusia Lekarozko Kortariko gaztarentzat izan zen. Maddi Jimenez eta Julen Arburua ama-semeek hartu zuten saria: trofeoa, 800 euro, txapela eta kaikua. Bigarren Urdazubiko Etxelekua izan eta hirugarren Elizondoko Etxetxipia. Bederatzigarren postuan gelditu zen Leitzako Gorritz gaztandegiko gazta. Lehendabiziko hamarrak Euskal Herriko Txapelketara sailkatuak izan dira. Gazta irabazlearen erdia enkantera atera zuten eta iaz baino 50 euro gehiago ordainduta, 4.600 eurotan, erosi zuten Alhambra eta Lakita jatetxeek.