Aresoko XII. Mendi Martxa irailaren 1ean izango da

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 23a, 07:20
Goizeko 8etan abiatuko dira mendizaleak Aresoko plazatik.

Abuztuaren 31ra arte eman daiteke izena www.mendizmendi.com helbidean edo egunean bertan 07:00etatik 07:45era

Mendizaleek urteroko hitzordua izanen dute Areson iraileko aurreneko igandean.  Hamabigarren edizioa beteko du mendi martxak eta lauzpabost ordutan, 21 kilometroko itzulia, 1.200 metroko desnibela duena, osatzeko aukera izanen dute bertaratzen direnek. Irteera goizeko 8etan izango da, Aresoko plazatik.

Aldapan gora jota, herri-gunea utzi eta Ulizarko gainera igoko dira parte-hartzaileak. Handik, Urkita mendira igo beharko dute, haitzetan barna errenkadan bidea eginez. Ondoren, Pagozelaira jaitsiko dira eta jateko eta edatekoak izango dituzten bertan. Indarrak hartuta, Guratz mendira igo beharko dute, hortik Aresoko plazara bueltatzeko. Mendian egindako ahaleginak sari bikoitza izango du: herritarrek prestatutako paella eta sagardoa eta probako kamiseta teknikoa jasoko baitute parte-hartzaile guztiek.

Izen-ematea

Izen-ematea www.mendizmendi.com web orrialdean egin daiteke abuztuaren 31ra arte, ostirala, 12 eurotan. Egunean bertan, herriko plazan, izena ere eman daiteke 07:00etatik 07:45etara, 15 eurotan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun