Emakumeen eskutik lehertu da pesta Areson

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 15a, 08:00

Abuztuaren 14an, arratsaldeko seietan, lehertu da Aresoko pestei hasiera eman dien suziria. Esanahi berezia izan du aurtengoak, 75 urtetik gorako herriko emakumeak omendu nahi izan dituzte eta: "etxekoen zaintzaz arduratuta, pestaz behar bezala gozatzerik izan ez duten horiek".

Hala, Pilar Arraiago, Carmen Garmendia, Josefa Onsalo, Juana Mari Sukunza, Teresa Telletxea eta Josefa Oieregi atera dira Udaletxeko balkoira, zapiak eskuetan esperoan zeuden herritarren aurrera. Udal taldeko ordezkariek zapi bana oparitu diete eta gero lagunarten hartu dute kafea. Segidan, haurrentzako jokoak izan dituzte eta batzuk jolasean ziren bitartean, besteek zartaginak jarri dituzte sutan patata-tortillak prestatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun