Azken partida galdu baina herritarren babesa jaso du Jon Jaunarena pilotari leitzarrak

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 14a, 10:00
Zubietako joaldunek agurtu zuten Jon Jaunarena, Leitzako Amazabal pilotalekuan jokatu zuen profesionaletako azken partidan.

Herrian jokatu zuen profesionaletako azken partidaren aurretik, pilota eskolakoek bidea egin zioten eta Zubietako joaldunek joareak astindu zituzten

Jon Jaunarena pilotari leitzarrak profesionaletako azken partida jokatu zuen abuztuaren 13an, jendez gainezka zegoen Leitzako Amazabal pilotalekuan. Retegi Birekin batera 22-19 galdu zuen Peio Etxeberria eta Bikuñaren kontra, baina herritarren eta herritik kanpo etorritako pilotazaleen txalo zaparrada jaso zuen, hunkituta.

Partida hasi baino lehen, Aurrera pilota eskolako pilotariek egindako bidetik pasatu zen Jaunarena eta gero, Zubietako joaldunek (tartean bere lehengusuak ere) joareak astinduz egin zioten agurra eta zapia jarri zioten, baita lore-xorta ere. 335 partida jokatu ondotik, 27 urte besterik ez dituela utzi behar izan du pilota profesionala Jon Jaunarenak, eskutako minen ondorioz.

Leitzako Amazabal pilotalekuan jokatutako partida nagusian, Altuna III.ak eta Ladis Galarzak 22-15 irabazi zieten Ezkurdia eta, 18 eguneko geldialdiaren ondotik, berriz ere zuriz jantzi zen Zabaletari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun