Azken partida profesionaletan gaur jokatuko du Jon Jaunarena leitzarrak

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 13a, 11:00
Ia bederatzi urteko ibilbidearen ondotik, pilota profesionala utziko du gaur Jon Jaunarena leitzarrak.

Leitzako Amazabal pilotalekuan jokatuko den jaialdiko lehen partidan, Retegi Birekin batera, Peio Etxeberria eta Bikuñaren kontra ariko da; partida nagusian, Ezkurdia eta Zabaleta, Altuna III.a eta Ladis Galarzaren kontra ariko dira

Aspeko profesionalen arteko pilota jaialdi berezia izanen da abuztuaren 13an, astearte arratsaldeko 7:30etik aurrera Leitzako Amazabal pilotalekuan. Jon Jaunarena herriko pilotariak adio esango dio pilota profesionalari. 27 urte besterik ez ditu, baina ia bederatzi egin ditu profesionaletan, 2010eko abenduaren 29an Tolosan debutatu zuenetik.

Jon Jaunarenak profesionaletan jokatuko duen 335. partida berezia izango da; etxean, Leitzako Amazabal pilotalekuan arituko baita eta ez delako besterik izango. Abendura arteko kontratua zuen arren, eskuko arazoei buelta eman ezinda, ibilbideari amaiera ematea erabaki du gaur arratsaldean herriko pilotalekuan. Jaunarenak dioenez, «azken hilabeteetan asko sufritu dut eskuekin eta ezin izan dut jarraitutasunik lortu, ez nuen ongi errekuperatzea lortzen eta nire jokoa beherantz joan da. Iaz izan nuen bolada on bat, baina azkenaldian eskuak gaizki nituen eta konfiantza galdu dut, ez dut kantxan nire jokoa egiterik lortu. Abenduan amaitzen zitzaidan kontratua, baina ikusita azkenaldian zenbait ari nintzen sufritzen kantxan, hori izan da erabakia».

Hartutako erabakia ez da erraza izan, beti omen duzulako «eskuak bere onera etortzeko esperantza», baina azkenaldiko bolada txarra dezente luzatu da, kosta egiten ari zitzaion buelta ematea eta «horrela sufritzen ibiltzea baino, nahiago izan dut hemen utzi».

 

2012ª urte handia

Aita aizkolaria izan badu ere, txiki-txikitatik izan zuen leitzarrak pilotarako afizioa. 15 urterekin piztu zuen Asperen interesa. Afizionatuetan ia areriorik gabe, 19 urterekin egin zuen profesionaletarako jauzia Tolosako Beotibarren. 

Maila berrira ere ongi moldatu zen bere eskuin boteretsuari esker eta 2012. urtea handia izan zen beretzat, Promozio mailako hiru txapelak jantzi baitzituen, Binaka Ceciliorekin, Lau eta Erdikoan Untoria gaindituta finalean eta Buruz Burukoan Ezkurdiari irabazita.

Hortik aurrera, ordea, kosta egin zitzaion gaur egun erabiltzen den aireko jokora moldatzea eta ez zuen espero zen garapenik izan eta bere palmaresa ere horretan geratu zen. Lau eta erdiko txapelketa guztietan, 2015ekoan izan ezik, lehen kanporaketa galdu zuen.

Gauzak horrela, orain dela hiru urte, 2016ko abenduan, Aspek baldintza bat ezarri zion kontratua luzatu ahal izateko: atzelari bezala jokatzea. Hasiera erraza izan ez bazen ere, pixkanaka moldatuz joan zen eta iazko otsailean lehen mailako Binakakoan ere hiru partida jokatu zituen David Merinoren lesioa zela eta. Promozio txapelketan txapeldunorde izan zen, gaurko azken partidan lagun izanen duen Retegi Birekin batera. Agirre eta Iturriagaren kontrako finala galdu zuten.

Eskuek, ordea, ez dute jasan eta 27 urterekin agur esateko unea heldu zaio. Balantze baikorra egiten du lortutakoaz: «Gehienbat aldagelako giro horrekin geratzen naiz, bai entrenatzen eta bai partidetan. Oso lagun onak egin ditut eta oso ongi pasatu dut eta momentu horiekin geratzen naiz. Irabazitako bigarren mailako txapel horiek ere garrantzitsuak dira, baina gehienbat aldagelako momentu horiekin geratzen naiz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun