Erreparto Egunarekin eta Umeen Egunarekin pestari usaina sumatzen hasi zaio Leitzan

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 5a, 12:00

Larunbatean Plazaola aldizkaria auzoz auzo banatu dute eta igandean korporazio txikia izendatu eta ‘Frida’ buruhandi berria aurkeztu dute 

Berez abuztuaren 10ean, hurrengo larunbatean botako du Iñaki Perurenak Leitzako Santiburtzio pestetako txupinazoa. Baina asteburu honetan, larunbateko erreparto egunarekin eta igandeko umeen egunarekin pestari usaina hartzen hasi zaio Leitzan. Gainera, ‘Frida’ buhaundi berria ere aurkeztu dute jendaurrean.

Larunbatean eskelarien bazkaria egin zuten Aurreran eta arratsaldean auzoz auzo, Plazaola aldizkaria banatu zuten trikitilari, txistulari, akordeoilari eta gaiteroen laguntzaz.

Igandeko Umeen Egunean, goizean diana izan zuten txistulariekin. Gero, Korporazio txikiak udal ordezkariekin gosaldu zuten, gosari osasuntsua, goxokokien ordez fruta izan baitzuten. Mikel Zabaleta alkatea eta Maialen Moreno, Julian Zabaleta, Amaia Jaka eta Junkal Otxotorena izan ziren korporazio “handiko” ordezkariak. Txupinazoaren aurretik sorpresa ere iragarria zegoen eta halaxe izan zen, ‘Frida’ izeneko buruhaundi berria aurkeztu baitzuten jendeaurrean, Frida Kahlo margolari mexikarraren omenez Aitor Callehak egina. Fridarekin batera, Ipotza, Amona zaharra, Pirata, Grouco Marx, Cantinflas eta Barriola izanen dira pestetako buruhandiak. Umeen txupinazoa bota zuten ondotik Ainara Sagastibeltza Alduntzinek eta Janitz Sagastibeltza Bengoetxeak, Erleta eskolako seigarren mailako ikasleen ordezkari, Udaletxeko balkoitik eta jolasak izan ziren. Arratsaldean ere izan ziren puzgarriak, goxokiak, Aurrerako pilota Eskolako gazteen pilota-partidak eta dantzari ttikien emanaldia. 20:00etan konpartsa atera zen, musika izan zen eta suzko-zezena ere atera zen. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun