Gozamenez ur festa abuztuaren 2an Leitzan

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 30a, 12:30
Leitzako igerilekuan dute hitzordua, ostiralean 21:00etan.

12-16 urte bitarteko gazteei bideratutako gozamenerako festa izanen dute datorren ostiralean

 

Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Prebentzio Zerbitzuak, Berdintasun Zerbitzuak eta Anikote enpresak, Udalaren, Gozamenez programaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzaz, Gozamenez ur festa antolatu dute. Abuztuaren 2an, ostiralean, Leitzako igerilekuan bilduko dira. 21:00etan zehaztu dute hitzordua, afaltzeko. Afalondoan gozamenerako jolasak izanen dituzte eta Jon DJak girotuko ditu bazterrak. 00:00etan bukatuko dute festa.

Festaren helburua sexualitatea errespetuz eta gozamenez bizitzea da. Horrekin batera, gozamena eta tratu ona bulkatzea, festa giroan drogak kontsumitu gabe ongi pasatzeko esperientzia bultzatzea eta gaztetxoentzat gustuko espazio bat sortzea lortu nahi dute. 12 eta 16 urte bitarteko gazteei bideraturiko festa da.

Sarrerak eta autobusa

Sarrerak Leitzako kiroldegian eta Goizuetako Elena estankoan eskuratu ahal izanen dira (bi eurotan), abuztuaren 1a arte. Aresoar eta aranoarrek 681 26 51 89 telefonora idatziz eman dezakete izena eta egunean bertan ordainduko dute. Festara joan ahal izateko garraio-zerbitzua ere antolatu dute. Goizuetatik 20:00etan abiatuko da eta 00:15ean itzuliko da herrira. Aresotik, berriz, 20:15ean aterako da eta bueltatzeko 00:15ean Leitzan hartuko dute autobusa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun