«Festetako bizitasun hori egunerokotasunera ere zabaltzea da gure helburua»

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 9a, 08:30
Unai Miranda, Goizuetako alkatea. Argazkia: Kronika.

Unai MIRANDA BERROETA, Goizuetako alkatea

Zaindu maite duzun hori, dio abesti ezagunak eta horretan dihardu Unai Mirandak, «betidanik izan dut herriarekiko eta honen etorkizunarekiko kezka».

Horregatik urtetan herriko hainbat taldetan eragilea izan da eta berriki, pauso bat haratago eman eta alkate-makila hartu du. Aurrez ere egin izan diote proposamena eta «herriaren alde lan egiteak ilusioa egiten zidalako» eman du oraingoan baiezkoa, «gainera osatutako taldearekin oso gustura nago». Ekainaren 15ean hartu zuen kargua eta lehenengo hilabeteak «administrazioa ezagutzeko» baliatu ditu «egia aitortze aldera, ez nekien udaletxean hainbeste gai jorratu eta hainbeste lan egiten zenik».

Udalaren erronkak
Herritarren babes zabala jaso zuten hauteskundeetan eta horrek «lanerako animo berezia» ematen diela ere aipatu digu. Trukean, «gure denbora eta lana ditugu herritarrei eskaintzeko. Zintzotasunez eta elkarlana bultzatuz lan egiteko asmoa dugu».

«Zintzotasunez eta elkarlana bultzatuz lan egiteko asmoa dugu eta herritarrak herriaren aldeko lanetan inplikatuak ikustea gustatuko litzaidake»

Aurreko agintaldian martxan jarritako hainbat proiekturi segida emateko asmoa dute: «bidegorriaren proiektua bukatu, ur hornidurarekin ditugun arazoak konpondu, mendietako pistak moldatu… kultur arloan, dugun agenda mantendu eta ondare kulturala azaleratu eta dagokion balioa eman nahi diogu». Lau urte barru, «goizuetarrak bere herriarekin identifikatuak sentitzeaz gain, herriaren aldeko lanetan inplikatuak ikustea» gustatuko litzaiokela dio. Izan ere, herri biziaren fama du  Goizuetak, «festarako, ekitaldiak antolatu eta egiteko... herri bizia da. Baina, bizitasun hori egunerokotasunera ere zabaltzea da gure helburua».

Festa eta lana lotuz
Alkateak ongi azaldu duenez, goizuetarrek badakite festaz gozatzen. Segituan izanen dute horretarako aukera. Unaik, ordea, festa eta lana lotu beharko ditu: «festa egunak dendan lan egunak izaten dira, eta emazteari laguntzea tokatzen zait. Aurten alkatetzari lotutako kontuak ere izanen ditut baina denetarako denbora aterako dugu». Nahi izatea baita garrantzitsuena, «parranda pixka bat egiteko, txosnan eta ikastolan txandak egiteko eta lagun artean disfrutatzeko egunak dira». Izan ere, «abuztuaren 14an eta 16an  kuadrillako afaria,  15ean familiako bazkaria,  17an lasaixeago eta 18 peñaren eguna» izanen dituzte.

Azken hau da beretzat festetako egunik bereziena «eguerditik hasi eta gorputzak iraun arte, lagun artean ongi pasatzeko aukera ematen duelako». Eta festaren berezko izpiritua goraipatuz, «ekitaldi zehatz bat aipatu baino ustekabeko momentuen alde» egin du Mirandak «afalondoren bat, arratsalde bat, goizaldeko txaranga, gaupasa ondorengo gosari bat, beti ere lagun artean eta umore onean».  Maitatu eta zaintzeaz gain, herriaz gozatu ere egin behar baita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun