«Guraso elkartea indartzeko familia gehiago animatzea gustatuko litzaidake»

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 8a, 08:30
Mapi Kanflanka Ezkurra

Mapi KANFLANKA EZKURRA, Amazabal Guraso Elkarteko kidea

Lau katu esan ohi da talde ttikiari errefentzia egiteko, eta hain juxtu, lau dira Amazabal Guraso Elkarteko kide diren familiak. Kopuru ttikia, inondik inora ere, aurtengo ikasturtean Amazabal institutuan 282 ikasle izan direnean. Tartean da Mapi Kanflanka Ezkurra eta argi dio: «familia gehiago animatzea gustatuko litzaidake baina hori bakoitzak erabaki beharrekoa da».

Ardura ugari
Taldea ttikia izateak ez ditu ikaratu eta gogotsu hartu dituzte hainbat ardura: «herriko talde eragile bezala prebentzio-, berdintasun-, pesta-batzordeko... bileretara joaten gara eta gure proposamen eta ideiak eramaten ditugu. Institutuko kanpoko jarduerak antolatzen ditugu, liburu erabileraren trukaketa antolatu, urtean bi aldiz gosariak prestatu, gurasoen kezkak eta zalantzak zuzendaritza taldeari helarazi, tailerrak antolatu, dirulaguntzak eskatu...».  Horretarako, lanak banatuak dituzte: «familia bakoitzak zeregin batzuk hartuak ditu. Whatsapp bidez asko funtzionatzen dugu eta elkartu ere egiten gara». Helburua argi dute: «ikasleen ongizatea bilatzen dugu. Kezka ugari agertzen dira, baina batez ere, ikasle eta irakasleen arteko harremanak bideratzea da gure kezka nagusia».

«Ikasleen ongizatea bilatzen dugu. Kezka ugari agertzen dira, baina batez ere, ikasle eta irakasleen arteko harremanak bideratzea da gure kezka nagusia»



Bestei begira
Ikasturtea bukatuta, heldu den ikasturteari begira jarriak dira dagoeneko. Baina, abuztu atarian egonik, pestarako ordua da orain. Gainera, hauen antolaketan ere jarri du bere alea Mapik: «ez dugu aspertzeko tarterik» onartu digu irrika. Maite ditu herriko pestak eta nabari zaio haien inguruan solasean hasten denean, «mundialak dira» atera baitzaio barru-barrutik. Horretan eragina du bere ustez elkarlanean osatzen duten egitarauak: «egunez dantzariak, herri-kirolak, zezenak, bertsolariak.... eta gauez kontzertuak izaten dira. Adin guztietako jendea plazan biltzea eragiten du horrek». Gainera, duela urte batzuetako giroarekin alderatuta, «egunez lehen baino jende gehiago ibiltzen dela iruditzen zait. Egia da, egunean zehar beti dagoela zer egin edo ikusia. Aspertzeko beldurra ez da etxean geratzeko aitzakia».

Bera ere ez da plazatik aparte ibiliko: «pestak ailegatzen direnean egun guztia kalean pasatzen dugu. Tabernaz taberna, plazan, lagun eta familia artean, mahaiaren bueltan bilduta...»  gozatzeko baitira santiburtzioak.

Leitzarrentzat ekitaldi maitea
Santiburtzioak aipatuta bada bereziki jendetza biltzen duen ekitaldi bat, hala azaldu diguMapik: «nik uste leitzar gehienontzat momentu bereziena pesta eguneko ezpata-dantzarien saioa izaten dela. Oso momentu hunkigarria izaten da guretzat. Leitzarra den ia inork ez du galdu nahi izaten momentu hori».
Pestak bukatzean, «Aresoko pestetara bueltaxka egin eta gero egun batzuk kanpora joateko asmoa dut». Maletak egin, ardurak etxean ahaztu eta deskantsatzera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun