«Bertso-eskolan ikasten da bertsoa osatzen eta plazan bertsolari izaten»

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 8a, 07:30

Joanes eta Xabat ILLARREGI MARZOL, Leitzako bertsolariak

Umetan lotu ziren bertsoaren jiran eta geroztik ez da errimarik falta illarregitarrenean: «gure afiziorik handiena bertsoa da, dudarik gabe. Probatu bagenuen, probatu... ordutik ez dugu alde batera utzi».

Eskolaz kanpoko jardueraren bat egin behar eta hala hasi zen bertsotan Joanes: «zazpi bat urte izanen nituen. Klaseko gehienak futbolean aritzen ziren bitartean, hiru edo lau lagun elkartzen ginen bertso-eskolan. Hasieratik gustatu zitzaidan». Xabat, berriz, anaia zaharraren pausoei segika iritsi zen bertso-eskolara, «ongi pasatzen zuela ikusita, bere atzetik joan nintzen».

Bertso-eskola lagunarte
Orain, Atekabeltzen egiten dute bertsotarako hitzordua, «herrian bertsotan aritzen garen gutxi horiek juntatzen gara. Nik uste, bertan talde eder bat daukagulako ere erakartzen gaituela bertsoak. Elkarren lagunak gara, elkarrekin bertsotan aritzen gara eta hori segitzeko motibazioa da».

Bertso-eskolatik oholtzara
Erratzari helduta abestetik azkar pasa ziren mikro aurrean abestera. Hala azaldu du Xabatek: «nahiko modu naturalean eman genuen pausoa. Egia da txikitatik ez dugula inoiz ezezkorik esan. Inoiz ez dugu esan 'oraindik ez'. Horrek lagundu digu gerora lasaitasuna eta gure buruarengan konfiantza edukitzen». Ez dute inongo zalantzarik: «bertso-eskolan ikasten da bertsoa osatzen eta plazan bertsolari izaten».

Bertso-saioen egarri
Behin oholtza probatuta, saioak lortzea izaten da hurrengo erronka, «eta hori da gure esku ez dagoena» dio Xabatek, «nik uste pixkanaka tokia egiten ari garela, baina, saio asko dauzkanak... suertea!». Argi hitz egin du Joanesek, «betiko dinosauroak hor dabiltza eta gazteak dira aldatzen direnak. Ateari ostikoa eman eta ez dira lortzen ez dakit zenbat saio BEC-eko finalistekin». Bidea pixkanaka osatu behar da: «hamabost pertsonen aurrean bertso-bazkari bat, herri galduren batean ezorduetan saio bat... Horiek guztiak ere garrantzitsuak dira».

Ikusle baino hobe kantari
Behin baino gehiagotan suertatu zaie bata ikusle izan eta bestea oholtzan kantari aritzea eta biek diote: «okerrago pasatzen dut bera entzuten, kantatzen baino». Izan ere, Xabatek dioenez «ez dakizu ongi edo gaizki doan, ez da erraza anaiaren buruan dabilena igartzea». Joanesek, berriz, barre artean erantzun du, «niri iruditzen zait ez duela bertsoa bukatuko». Elkarrekin kritikoak ere badira «errazago ikusten da guztia ikuslearen aulkitik eta askotan esaten diogu elkarri, 'nola bota duzu horren bertso txarra'».


Batak besteaz
Nabari da bien arteko konplizitatea eta horregatik, batak bestearen ahulgune eta indarguneak aipatzeko eskatu diegu: «Joanesek topikoak alde batera utzi eta gaia ertzetatik hartzeko duen gaitasuna, originaltasuna azpimarratuko nuke. Ahulgunea, berriz, urduritasuna, presioa ongi ez eramaten jakitea».  Xabaten kasuan, «bertsoa azkar osatzeko gaitasuna da bere ahulgune eta indargunea. Bertso-afari bateko erritmoa mantentzeko ongi heldu zaizu batzuetan azkartasun hori, baina txapelketan agian, hiru segundo gehiago hartuta, zerbait txukunagoa bota dezakezu».

Pasioa obsesio
Bertsoa dute pasio eta zenbaitetan obsesio, «hitz bat entzun eta errimatzeko balio duela datorkizu burura, doinu batekin probak egiten dituzu… ez da beti intentsitate berarekin bizitzen baina nik uste badugula ero puntu bat. Gertatzen da batzuetan paso egin nahi eta ezin. Puntu bat erabat bueltaka duzunean izaten da okerrena».  

Pestak bizi
Ez dakigu pestetan Aurrera atarian egiten den bertso-saiorako agurra pentsatzen hasiak izanen diren, baina badute pestarako gogoa: «ahal den gehiena disfrutatzea da gure asmoa. Gehiegi planifikatu gabe parean dagoenaz gozatzea». Hala gertatu izan zaie ezpata-dantzarien saioarekin ere, «Leitzan ezpata-dantza herri guztiak ikusi beharreko saioa da. Baina  pasa izan zaigu parranda gehiegi luzatu eta ez ailegatzea». Ez da harritzekoa, «eguna ongi argitu aurretik etxera joatea da zaila hemen. Badago juergarako afizioa». Eta gauez soilik ez, «giroa egun guztian zehar dago, txaranga dela, herri -kirolak direla… pestak direlako bestela urtean zehar joanen ez zinatekeen ekitaldietara ere joaten zara. Dena toki bakarrean, plazan, izateak ere badu eragina».
Pesten egitarauari erreparatuta, «badirudi luze joaten direla pestak, baina beste egun bat gehiagok ez luke kalterik eginen». Hori konpontzeko, badu irtenbidea Joanesek «abuztuaren 15ean Gaixoa ni kantatu ondotik, lotara joan ordez, pestan segi eta bukaera on bat ematea». Luzatu du proposamena eta orain ikusi behar baten batek puntuari heldu eta elkarrekin osatuko ote duten bertsoa; zortziko txikian, puntuka edo hamarreko handian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun