Leitzako Atekabeltz gaztetxearen urteurrena ospatzeko ekitaldiak larunbatean hasiko dira

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 18a, 15:36
Lagun talde ederra bildu zen joan den urteko urteurren pestan.

Leitzako Atekabeltz gaztetxearen 14. urteurrena ospatzeko uztailaren 20tik 27ra ekitaldiak antolatu dituzte. Larunbateko afariarekin hasiko dira ospakizunak eta astebete luzatuko dira ekitaldiak. Uztailaren 27an, larunbatean, egun osoko pesta izanen dute.

Larunbatean, hilaren 20an, afari autogestionatua izanen dute. Afalondoan, 23:30ean, Eñaut Zubizarretak, txelo-joleak Trigger proiektua oholtzaratuko du. Bertaratzen direnek musika doinu goxoez gozatzeko aukera izanen dute.

Uztailaren 23an, asteartean, Euskandalosaren eskutik, ipuin-kontalaria izanen dute; eta, bide batez, Julio Cortazarren literatura aztertuko dute. 18:30ean zehaztu dute hitzordua.

Uztailaren 25ean, ortzegunean, 22:00etan, Anabel Urkiolaren eskutik, masaje tailerrean bilduko dira. Biharamunean, uztailaren 26an, 40 ordu filma proiektatuko dute, 22:30ean.

Urteurren pesta, uztailaren 27an

Ospakizunak uztailaren 27an, larunbatean, borobilduko dituztem egun osoko pestarekin. 10:30ean lehertuko da pesta egun handiari hasiera emanen dion txupinazoa. Goiz erdian, 11:30ean, binakako erraketa saio mundiala izanen dute plazan.

14:30ean bazkaltzeko bilduko dira. Bazkarira joan nahi dutenek, txartelak Torrean eros ditzakete, 10 eurotan. Ondoren, Atk tribialean ariko dira.

18:00 karropoteoan abiatuko dira eta herria bizitzeko jokoak eginen dituzte.

21:30ean luntxa eskainiko dute eta mokadutxo batzuk jan eta indarrak berrartuta, kontzertuekin borobilduko dute eguna. Sodade, Gorpuz KIngz eta DJ Irain taldeen erritmora mugituko da herria.

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun