Iera Agirre leitzarrak eta Oihana Orbegozok irabazi dute sanferminetako emakumeen Master Cup pilota txapelketa

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 15a, 07:30

22-21 irabazi zieten Jaka eta Ruiz de Larramendiri eta hemezortzi urtez beheitikoan, Agorreta eta Bergara nagusitu ziren 

Sekulako ikuskizuna eta giroa bizitu zuten larunbatean Labriten, Laboral Kutxa Emakume Master Cupen San Ferminetako finalekin. Dena eskatu baino hobe atera zen Iruñeko pilota-plazan eta pilotariek ere  ikuskizun handia eskaini zuten. Azken egunetako pilota betekada handik izan badira ere bonbonera zaharrean, eserleku guztiak betea, sartu ezinda, atean geratu ziren zenbait pilotazale eta ziur, ikusitakoak ikusita, kanpoan geratzearen penaz geratuko zirela. Iaz lehen pisua betetzea arrakastatsua izan bazen, zer erran aurten Labriten bizitakoaz.

Deus tutti gehiago eska zekioken lehen mailako finalari, osagai guztiak izan baitzituen; emozioa, oreka, kalitatea, erritmoa eta Iera Agirre eta Oihana Orbegozo txapeldunek beste inork sinisten ez zuen buelta markagailuan. Amaia Jaka eta Maite Ruiz de Larramendi 19-11 aurreratu ziren markagailuan baina behetik gora etorrita, aurrelari leitzarrak partida txapagainean moztutako eskuinkada batekin itxi zuen lehia, zaleen gozamenerako (21-22).

Gidoigilerik onenak ere ezin izanen zukeen final erakargarriago bat asmatu, pilota goxuarekin ere lehen mailako ikuskizuna eman daitekeela berretsiz, 65 minututako lehia gogor baten ondotik. Nahiz eta takadaka jokatutako partida bat izan, hasiera orekatua izan zen 7-10ekora arte. Orduan Amaia Jaka debutariak eta Maite Ruiz de Larramendi iazko txapeldunak alde nabarmena hartu zuten markagailuan. Nekeak erasotzetik urrun, Eulateko atzelari handiak berari komeni zitzaion erritmo lasaiagoa ezarri zuen, kantxan pilota luzatuz eta garaipenak eurena zirudien, baina Iera Agirreren elektrizitateak eta Oihana Orbegozoren konstantziak ezinezkoa zirudien garaipena ekarri zien ordainetan. Leitzarrak arriskatu egin zuen, asmatu ere bai eta garaipen ikusgarria lortu zuten.

 

18 urtez azpiko finalean, Katixa Agorreta-Arrate Bergara bikotearen lehiakortasunak maldan goiti jarri zaien final bat aitzinera ateratzeko balio izan die. Izan ere, Eider Salbide eta Olatz Ruiz de Larramendi 7-0 aitzineratu baitziren. Lehen mailako partidak jokatzen ohituta, Olatz Ruiz de Larramendik zulo handia ireki zuen bere kolpearekin, baina urdinek erreakzionatzen jakin izan zuten. Kosta egin zitzaien euren lehen tantoa egiten, baina behin lortuta, partidan erabat sartu ziren, joan den astean Lizarran egin bezala. Ruiz de Larramendiren kolperik ez du izanen Arrate Bergarak, baina Tuterakoak erakutsi zuen oso pilotaria dela. Arerioaren pilotakada guztiak eusteaz harago, ederki asmatu zuen pilota ezker paretara baztertzen.

Gainera, zabalean ere asmatu zuen Salbideri zuloa topatzen eta pixkanaka markagailua berdintzen joan ziren. Tanto batzuetan ere zortea alde izan zuten ihes egindako pilotaren batekin eta hamabinakoa izan zen partidako lehen berdinketa, Salbidek zabaletik biltzen asmatu ez zuen pilotakada batekin. Hortik aitzinera urduritasunak ere eragin zien gorriei, kontuan izan behar da bi aurrelariek 13 urte baino ez dituztela, eta txapeldunek oso serio segitu zuten berean partida aurrera atera arte (15-22).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun