Karmen bezperan herri-afaria eginen dute Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 12a, 06:30

Umore Onak antolatua.

Umore Onak, Udalaren laguntzaz, sagardoa, ardoa eta freskagarriak jarriko ditu

Uztailaren 15a, datorren astelehena, Karmengo Amabirjin bezpera da eta, hori aitzakiatzat hartuz, bederatzigarren herri-afaria eginen dute goizuetarrek plazan. 20:30ean zehaztu dute hitzordua. 21:30ean, garai bateko ohitura galdu gabe, suak piztuko dituzte.

Bigarren aldiz Umore Onak hartu du antolaketaren ardura eta sagardoa, ardoa, freskagarriak jarriko ditu, Udalaren finantziazioarekin. Joan den urtean berrartu zuten ohiturari jarraiki, tortilla lehiaketaren bosgarren edizioa eginen dute. Aurten ere,  etxean edo elkartean prestatutako tortillak eraman daitezke. 20:00etarako plazara eraman behar da sei bat lagunentzako tortilla eta gero epaimahaiak erabakiko du zein den irabazlea.

Garai batean baserri ataritan pizten zen sua berreskuratu nahi da, eta berreskuratzen ari da ospakizun honekin. Alorretan egiten zen arbia bildu, hurrengo urteko sasoirako hazia kendu eta gelditzen ziren zuztarrak Karmen bezperan erretzen ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun