Nafarroako arpanako laugarren txapela lortu dute Onsalok eta Astiazaranek

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 8a, 16:00
Itxaso Onsalo aresoarra eta Leire Astiazaran villabonatarra, irabazle gaur Iruñean.

Bi segundoko aldea atera diote bigarrenari

Astelehen eguerdian jokatu dute Iruñeko Foruen Plazan Nafarroako Emakumezkoen Arpana Txapelketa. Bi bikote aritu dira aurrez aurre eta estu joan da norgehiagoka. Azken epaian erabaki da guztia eta azkenean eskualdeko bikotearen alde erori da balantza. Bi segundo eskaseko aldearekin izan dira irabazleak Itxaso Onsalo aresoarra eta Leire Astiazaran villabonatarra. 4 minutu eta 51 segundo behar izan dituzte 45 ontzako enborrari 10 epai egiteko. Eltsoko Ainhoa eta Ana Iraizoz ahizpak izan dira bigarren, 4 minutu eta 53 segundoko denborarekin.

Nafarroako laugarren txapela

Iruñean denboraldiko hirugarren txapela jantzi dute Onsalo eta Astiazaranek. Pozik daude lortutakoarekin baina «erruz sufritu» dutela aitortu dute. Plaza ezaguna dute Iruñekoa, lau aldiz izan dira irabazle bertan, baina hori gaurkoan ez omen da izan lasaitasunerako arrazoia: «hasi aurretik urduri geunden, baita proban zehar ere. Euskal Herrikoan oso estu ibili ginen eta hori gogoan genuen. Bagenekien Iraizoz ahizpak irabaztera etorriko zirela, dena ematera eta hala izan da. Azken kortera arte ez zegoen ezer erabakita».  Beste bikoteak «lan oso gogorra» egin duela diote eta gaurkoak argi erakutsi diete: «bigarrenak hor daude eta orain arteko emaitzak lortu nahi baditugu, ezin dugu lo hartu». Txapelak soinean, unean uneko egoerara moldatuta «hobetzen joatea» dute heldu den urterako erronka.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun