Aurkeztu zure burua.
Aresoarra naiz sortzez. Iruñean lan egiten dut eta gertutasunagatik zazpi-zortzi urtez Orikainen bizi izan nintzen.
Noiz itzuli zinen sorterrira?
2007an, aukera ikusi bezain laster etxea egin eta etorri nintzen. Libre nuen guztietan etortzen nintzen eta lotura hori ez da sekula eten...
Herritar izatetik, alkate izatera... Zaila izan da. Udalean zegoen jendea nahiko nekatuta ikusten genuenez, lagun talde bat osatu eta aurkeztea erabaki genuen. Orain denbora izan dezakedala uste dut...
Lehendik Udalean egona al zara?
Bai, aspaldi, baina egoera oso bestelakoa zen. Bi talde aurkeztu ginen eta besteak irabazi zuen, ez genuen sortzen den lana ikusteko aukerarik izan. Orain egoera oso bestelakoa da, dena gure esku dago eta taldekide guztiak hutsetik hasten garenak izanik ez da erraza izango...
Nola hartu duzu kargua?
Errespetu handiz baina gogotsu. Herriarentzat lan egiteko asmoa dugu. Talde bateratua gara eta denon artean aurrera eramateko asmoa dugu.
Lanak banatzen hasiak zarete?
Horretan ari gara, baina oraindik ez dugu guztiz zehaztua.
Orain artean Udalak hasitako lanekin jarraituko duzue?
Gehien bat bai. Obra batzuetan ari direla aipatu digute eta horiei helduko diegu. Eurek laguntzeko prest daude. Ea hortik jarraitu eta zerbait aldatzea lortzen dugun.
Nondik hasiko zarete?
Gure burua kokatu eta egoera ezagutzetik. Hasieran ahalik eta denbora gehien sartuko dugu, martxa hartzeko.
Herri ttikietan biztanleriak behera egin du... Horri begira zerbait pentsatu duzue?
Bada kanpora joan den jendea, etxebizitzak hartzeko aukera handirik ez delako izan. Leitza eta Areso inguruan lana bada eta horrek jendea herrian gelditzeko aukera sortzen du. Etxebizitzena lantzen saiatu izan dira... Gu ere eskaria balego, saiatuko ginateke.
Zein da erronka nagusia?
Herritarren eskaerak eta nahiak asebetetzea eta guk egindako lanarekin kontent egotea.
Zer eskatuko zenieke herritarrei?
Pazientzia eta parte hartzea. Gure aldetik ahalik eta lan gehien egiten eta garbi jokatzen saiatuko gara.