Leitzako Gazte Eguna abuztuaren 14an izanen dela iragarri dute

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 5a, 09:30
Egitaraua prest dute dagoeneko.

Leitzako gazte asanbladak aurtengo pestetako Gazte Eguna abuztuaren 14an, asteazkenean, izanen dela iragarri zuen. Ekainaren 23an, egitaraua argitara ematearekin batera, kamisetak eta bazkariko txartelak saltzen aritu ziren. Horrekin batera, eguna behar bezala antolatzeko herriko gazteei txandetan parte hartzeko deia egin zieten. Zehazki, Frogapoterako, bazkarirako (sukaldari eta zerbitzariak) eta garbiketarako laguntza eskatu dute.

Egitarauari dagokionez, egun osoko pesta antolatzen ari dira; 12:00etan hasi eta ordu txikiak arte luzatuko da eguna. Frogapotearekin hasiko dute eguna eta 14:55 aldera brindise eginda, bazkarian bilduko dira. Txartelak Peritzan eta Torrean eskura daitezke, 10 eurotan. Bazkalondoan, bingo musikatuak, jolasean eta solasean aritzeko, eta mojitoak, zintzurrak bustitzeko, izanen dituzte.

Arratsaldez eta gauez gehiago!

Arratsaldez eta gauez musikak girotuko du herria. 18:30ean Elektrotxufla elektrotxaranga izanen dute eta 23:30etik aitzinera Skabidean&The Black Birds (Iruñerrian sorturiko ska, reggae eta rocksteady taldea) eta Kop (hardcore-punk estiloko Kataluniako taldea). Azkenik, 02:00etatik aitzinera DJ Reimyk girotuko du gaztetxea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun