Leitzako udal haur-eskolako langileek mobilizazioak hasi dituzte

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 5a, 06:30
Ratioen jaitsiera eta baldintza duinak eskatu dituzte.

0-3 Plataformak egindako eskaerekin bat egin eta ratioen jaitsiera, sare bakarra sortzea eta soldata duina nahi dituzte. 

Itzaire haur-eskolako langileek Nafarroako 0-3 plataformak martxan jarri dituen mobilizazioekin bat egitea erabaki dute «egungo egoerak aldaketa» behar duela iritzita. Haurren heziketan adin-tarte hori funtsezkoa dela argudiatuta, Nafarroako Gobernuari dagozkion neurriak hartzeko eskaera egin diote: «gaur egun zehaztuak dauden ratioak ez dira haurren beharretara egokitzen.

0 eta 1 urtekoen gelan 8 haurren ardura du hezitzaile batek, 1 eta 2 urte artekoen gelan 12 haurrena eta 2 eta 3 urteko gelan 16 haurrena. Europatik ematen dituzten gomendioetan haur kopurua erdira jaistea gomendatzen dute» azaldu du Maixux Sukunzak, Itzaire haur-eskolako zuzendariak.

Eskumenak
Eskaera ez da horretara mugatzen: «Gure lanpostuaren ardurarekin bat datorren soldata, zikloa kudeatuko duen sare bakarra eta Nafarroa mailako hitzarmena behar ditugu. Gaur egun Udalen esku daude hainbat haur-eskola, baina, oinarriak gero, adibidez ratioak, Nafarroako Gobernuak erabakitzen ditu». Horixe da Leitzako egoera, Itzaire haur- eskola, udal haur-eskola da eta udal-langileak dira bertan ari diren hezitzaileak. Azaldu dute horrek hainbat arazo dakartzala: «Nafarroako Gobernuak ikasle eta hezitzaile kopurua kontuan hartuta dirulaguntza ematen dio Udalari, baina edozein  ustekabeko gastu dagoenean Udalak ordaindu behar izaten du».

Lan-baldintzak
Lan-baldintzetan ere ba omen da zer hobetua: «lau gela ditugu eta lau hezitzaile. Ezin ailegatuz ibiltzen gara askotan pardelak aldatu, jaten eman... behar zaienean. Gelaz gela neronek ibili behar izaten dut». Udalarekin negoziatzen ari dira eta «ahal duten neurrian laguntzeko borondatea» erakutsi omen dute.  Mobilizazioetan familien eta udalen elkartasuna, laguntza eta babesa eskatu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun