Leitzako Udalak Sastrakak talde feministarekin bat egin du

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 3a, 16:45
Leitzaldeko feministekin bat egin du Udalak.

Ekainaren 19an aurkeztu zuten Sastrakak eta berriki Udalak babesa adierazi die

Mugimendu feministak bultzada behar zuela ikusita, duela urtebete bildu ziren Leitza eta Aresoko hainbat emakume.  Orduan ekin zioten sarea osatzeari: elkar goxatu, zaindu, ezagutu, ikasi eta batez ere borrokatzeko.

Asko izan dira urte honetan landutako gaiak eta ekintzak: «urte bat daramagu funanbulisten antzera gure sarean jira eta buelta, itzulipurdika gozatuz. Determinazioz gure eskubide, nahi eta desirak gehiago zapaltzerik ez dugulako utziko!». Urteurrena ospatze aldera pestarako deia ere egina zuten  ekainaren 19an.

Ospatu soilik ez, hitzordua urtebeteko lanketaren emaitza aurkezteko ere baliatu nahi izan zuten: lanketari Sastrakak izena jarri zioten. Taldeko kide izateko gonbidapena ere luzatu zuten: «etorkizuneko sorginek libre hegan egiteko borrokatzen dugu. Pertsonak aske diren eskualde justu batekin amesten dugulako».

Udalak talde feministarekin bat egin du «eskubide eta aukera berdinak dituen jendarte baten aldeko lanean» euren «sustengu eta konpromisoa» izanen dutela adieraziz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun