Ostiral eta larunbat honetan sanpedroak ospatuko dituzte Areson

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 26a, 14:00

Ostiral arratsaldean lagunartekoak herriko etxeetan eskean ibiliko dira eta larunbatean gauza bera egingo dute baserrietan

Aresoko lagunartekoek antolatuta, bi egunez ez da ekitaldirik faltako. Larunbat arratsaldean, Konplizeak antzezlana ikusteko aukera izango da eta sagardo dastaketa eta herri-afaria ere egingo dituzte.

Pesta giroa da nagusi azken aldian Areson. Aurreko asteburuan San Juan bezperako ekitaldiak ospatuko zituzten eta honetan, berriz, sanpedroak izango dituzte. Ostiralean, ekainak 28, 17:00etan meza izango da eta ondoren merienda. 18:00etan lagunartekoak eskean aterako dira herriko etxeetan barna. Erronda bukatuta, 21:00 aldera lagunartekoek afaria izango dute.

Biharamunean, bezperako ajea soinean izanagatik, ez dira gazteak berandu arte ohean geratuko. 09:00etan egina dute gosaltzeko hitzordua eta handik, 11:00 aldera, baserrietako eskean abiatuko dira trikitilariekin. 18:00etan Berrobiko Txalo-Talo antzerki taldeak emanaldia eskainiko du. V. Antzez Motz lehiaketan hiru sari eskuratu berri ditu taldeak Konplizeak lanarekin eta hain juxtu, lan horren moldaketa bat taularatzeko asmoa dute. 19:00etan sagardo dastaketa eta pintxoak izango dira eta 21:30 aldera herri-afaria. Afalondoa Kenbat musika taldeak girotuko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun