Leitza eta Aresoko bordarien sorrera eta bilakaera aztertu du Patziku Perurenak bere azken liburuan

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 22a, 12:00
Mikel Arregi, Jesus Ondarra eta Patziku Perurena, aurkezpenean.

Bortz mendetako ikerketa, 1427 eta 1925 urteen artekoa egin du Goizuetan sortu eta Leitzan bizi den idazleak

Patziku Perurenaren Bordarien sorrera eta bilakaera Leitzan eta Areson (1427-1925) saiakera-liburua aurkeztu dute ekainaren 20an Iruñeko Elkar liburudendan. Berekin batera, Jesus Ondarraren Bakaikuko leku-izenez hausnarrean liburua ere aurkeztu dute. Euskarabideko Mikel Arregi lagun izan dute aurkezpenean.

Sinopsia

Liburu honi esker, pozik eskaintzen dizugu orain arte gai honetaz egin den azterlanik zehatzena. Horregatik geratuko dira Leitza eta Areso, betirako aitzindari Nafarroan, eta are Euskal Herrian, honetaz lehendik esandako kontu zuri asko gorritzen.

Leitzan bordarik zaharrena 1614 aldekoa da: Franki, Manuel Lasarte bertsolari haundia jaio zenekoa; eta 1726ko etxe erroldan 69 bordari ageri dira, nor bere bordan bizi dena familian; eta gezurra badirudi ere, lau ardiborda besterik ez.

Aresoko kasua, guziz bestelakoa da, 1636an Arantzegietan galerazitako bordaren auziak hauxe baitio 1636 urtean: «aunque an querido obrar bordas en sus propias heredades se les a denegado y an dejado de edificar»; eta 1786ko erroldan oraindik, bordari bat bakarra ageri da jendea bizi denekoa: Bordaren borda, hain zuzen; nahiz ordurako 101 bordatan jendea bapo bizi Leitzan.

Eta holako beste mila datu zehatz, interes handiko ikerlan honek jasotzen dizkizunak, 1427tik 1925era arte, etxe bakoitza bere bordarekin uztartuz, Patziku Perurenaren estilo bizi eta jostarian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun