San Juan suak herriz herri

Aresoarrek pestarako gonbita egin dute ekaineko azken bi asteburuetan

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 21a, 08:08
Lagunartekoak eskean ibiliko dira larunbatean.

Ekainaren 23an, San Juan bezpera eta 28an eta 29an sanpedroak ospatuko dituzte

Santuen aitzakian, pesta giroa izango da nagusi ekaineko azken bi asteburuetan. San Juan bezperako ekitaldiak antolatuak dituzte dagoeneko guraso elkarteak eta Udalak eta lagunartekoek ere prest dituzte sanpedroetakoak.

Saan Juan bezperan, aspaldiko ohiturari eutsiz, suaren bueltan bilduko dira beste behin ere herritarrak. Afalondoan piztuko dituzte suak baina arratsaldean, nabarituko da pesta giroa. Guraso elkarteak haur-jolasak eta txokolate jatea antolatu ditu. Herri-afaria izango da gero eta, ohikoa denez, edatekoa Udalak jarri eta bakoitzak etxetik eramango du jatekoa. Herriko haurrak dagoeneko biltzen hasiak diren kartoiak, egurrak... baliatuta sua piztuko dute gero eta suaren gainetik saltoka, izpiritu txarrak aldenduko dituzte.

Ekainaren 28an, ostiralarekin, berriz, San Pedro eguna ospatuko dute. 17:00etan meza izango da eta ondoren merienda. 18:00etan lagunartekoak eskean aterako dira herriko etxeetan barna. Erronda bukatuta, 21:00ak aldera lagunartekoek afaria izango dute.

Larunbatean antzerkia eta sagardo dastaketa

Biharamunean, bezperako ajea soinean izanagatik ez dira gazteak berandu arte ohean geratuko. 09:00 egina dute gosaltzeko hitzordua eta handik 11:00 aldera, baserrietako eskean abiatuko dira trikitilariekin. 18:00etan Berrobiko Txalo-Talo antzerki taldeak emanaldia eskainiko du. V. Antzez Motz lehiaketan hiru sari eskuratu berri ditu taldeak Konplizeak lanarekin eta hain juxtu, lan horren moldaketa bat taularatzeko asmoa dute.19:00etan sagardo dastaketa eta pintxoak izango dira eta 21:30 aldera herri-afaria. Afalondoa Kenbat musika taldeak girotuko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun