Iker Salaberria goizuetarrak bigarren urtez segidan irabazi du Biharko Izarrak txapelketa

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 13a, 14:00
Biharko Izarrak txapelketako finalistak, antolatzaileak eta sari-emaileak, joan den ortziralean Mallabian. Argazkia: anboto.org

Elizegirekin batera 22-12 irabazi zieten Canabal igantziarrari eta Bikuñari ekainaren 7an Mallabian 

Iker Salaberriak iazko garaipena errepikatu du Mallabiko Biharko Izarrak txapelketan. Asteasuko Aurten Iker Elizegi izan du bikote. Ekainaren 7ko finalean, aurkari zituzten Oihan Canabal igantziarrak eta Iñigo Bikuñak lanak eman zizkieten partida erdira arte, baina ordutik aurrera Salaberria aurreko koadroetan asmatzen hasi zen. 

Bederatzinako berdinketaren ondotik, 19 urteko goizuetarra bihurtu zen finaleko izarra, Elizegik ongi lagunduta. Bikuñak ez zuen pilota espero zen bertze astindu eta, ondorioz, Canabal igantziarrak defentsa lanean aritu behar izan zuen. Azkenean, espero zena baino alde handiagoarekin nagusitu ziren Salaberria eta Elizegi: 22-12.

Iker Salaberria Biharko Izarrak txapelketaren hamaseigarren edizioko pilotari onena izendatu zuten. Finalean 14 tanto egin zituen, horietatik 3 sakez. Gainera, txapelketa hau bitan irabazi duen pilotari bakarra da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun