20 kirolari izan ziren protagonista: zortzi aizkoran, sei harri-jasotzen eta sei arpanan.
Urrezko aizkoran Iker Vicente zen faborito eta ez zuen hutsik egin. Baina alboan zituen beste biek ere lan bikaina egin zuten. Lehen zatian, erlojuaren aurka eta zutikako enborrean tarte handia ireki zuen Vicentek eta aldeari eutsi zion lasaitasunez. Azkeneko ekitaldian bi kana-erdiko, bi 60 eta beste bi 65 ontzako ebakitzen neurketa bizi-bizia bezain estua izan zen Mikel Larrañaga eta Iker Vicenteren artean. Lan hau Larrañagak zazpi segundo aitzinetik burutu zuen (16.14), baina ordurako txapela segurtatua zuen Otsagabiakoak.
Azkenik, 45 ontzakoa erlojuaren aurka, kana-erdikoa zutik, oinbikoa etzanda eta aipatu ditugun sei enborrak ebakitzen Iker Vicentek 22.11 behar izan zuen. Mikel Larrañagak 23.16 behar izan zuen eta azkenik, Txikia IV.ak, 27.59.
23 urtez azpikoetan Julen Larrea III.ak egin zuen lan onena. Oier Kañamares IV.ak eta biek sekulako lehia eskaini zuten. Larrea III.ak 15 minutu eta 13 segundo behar izan zituen lanak bukatzeko, eta bederatzi segundo gehiago Kañamares IV.ak, (15.22); ongi hasi bazen ere, Zigako Joxean Etxeberria II.a hirugarren izan zen (17.40).
19 urtez azpikoetan hiru ziren parte hartzekoak, baina Arria VI.a ez zen joan. Horrela, Hodei Ezpeleta bizkaitarra (11.13) nagusitu zitzaion Xuban Kañamares V.ari (11.52).
Harri-jasotzaileetan Eizmendi eta Zelai V.a irabazle
175 kiloko harri laukiarekin, 100 kiloko kubikoarekin eta 100 kiloko borobilarekin aritu ziren harri-jasotzaileak, hiruna minutuko txandetan.
Jokin Eizmendi-Jon Gisasola Zelai V.a bikotea izan zen irabazlea 50 kiloren aldearekin, bederatzi minutuko lanean. Guztira 12, 23, 48 jasoaldi aipatutako harri bakoitzari. Denera, 83 leporatze. Orotara, 9.200 kilo. Bigarren Xabier Aranburu Guzta eta Imanol Albizu Goikoetxea: 10, 27, 47 jasoaldi, 9.150 kilo. Hirugarren bikotea, Aimar Galarraga eta Iñigo Eizagirre Eiza, hauen lana ordena berdinari jarraituz, 10, 25 eta 40 jasoaldi, orotara 75, guztira, 8.250 kilo
Arpanan, Onsalo-Astiazaran
Arpanan ere lehia estua izan zen. Ruth Linaza eta Garbiñe Lopez de Uralde arabarrak hasi ziren indartsu. Itxaso Onsalo aresoarrak eta Leire Astiazaranek, erritmo pausatuagoan baina sakonago trontza sartuaz erdi parean aurrea hartu zuten eta bukaera arte horrela joan ziren. Onsalo eta Astiazaranek 3 minutu eta 36 segundo behar izan zituzten hamar korteak egiteko. Linazak eta Lopez de Uraldek hamabi segundo gehiago (3.48) eta azken hirukotea Karmele Gisasola Zelai III.ak eta Uxue Ansorregik 4.28 behar izan zuten.