Herritarrek erabakiko dute Leitzako bestetako txupinazoa nork botako duen

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 7a, 20:00
Joan den urtean Gabriel Saralegik bota zuen txupinazoa.

Botoa larunbatean, Sagardo egunean; ekainaren 21ean, feria garaian; edo ekainaren 23an, San Juan bezperan, eman ahal izanen da

Beste urte batez herritarrei emanen diete hitza. Leitzarrek erabakiko dute noren esku utzi aurtengo pestei hasiera emanen dien txupinazoa botatzeko ardura. Hiru dira aukerak: bertso eskola, Iñaki Perurena edo Aurrera Kirol Elkarteko Futbol Taldeak leherraraziko ditu urteko egun handiak.

Pesta batzordeak bakoitzari buruzko informazio pixka bat ematearekin batera, botoa emateko egunak zehaztu ditu. Botoa datorren larunbatean, Sagardo Egunean; ekainaren 21ean, feria garaian; eta hilaren 23an, San Juan bezperan eman ahal izanen dute.

Bertso eskolaren kasuan 2001az geroztik, sortu zenetik, igarotako neska-mutil kopurua oroitaraztearekin batera, bertsozaletasuna sustatzen egindako ahalegina eta Nafarroako Bertso Txapelketan izan diren kideek egindako lana goraipatu dute.

Iñaki Perurenari dagokionez, harri jasotzen eta herri kirol munduan aritua izateaz gain, bere pasioak mundura zabaltzeko eta eskultura, pintura, herri-kirol, bertsolaritza, euskara eta Leitzako herria ezagutarazteko egindako guztia nabarmendu dute.

Aurrera Kirol Elkarteko Futbol Taldeari helduz, 1984tik egunera arte gazteriari emandako aukerak eta boluntarioki egin duten eta egiten duten lana ageriko egin dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun