Plazaola aldizkaria prestatzen hasiak dira dagoeneko

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 9a, 07:09
Azal lehiaketan parte hartzeko epea ekainaren 21era arte zabalik izanen da.

Lanak ekainaren 30era arte bidal daitezke aurrerake@hotmail.com korreora.

Beste urte batez, Aurrera Kirol Elkarteak Plazaola aldizkaria eginen du. Herritarrei beraien «burutazioak, kezkak, istorioak, txisteak, aldarrikapenak, olerkiak, bertsoak edo dena delakoak» bidaltzeko deia egin diete. Lanak aurrerake@hotmail.com helbidera bidali behar dira ekainaren 30a, igandea, baino lehen.

Aldizkariko edukiak biltzeko deia egitearekin batera, azal lehiaketa antolatu dute. Parte-hartzaileek «nahi adina lan, estilo eta teknika librean» aurkeztu ahal izanen dituzte eta gutxienez A3 tamainakoak izan beharko dute. Aurreran edo Maimurren aurkeztu beharko dituzte, sinadurarik gabe, izengoitia jarriz eta beste gutunazal batean egilearen datuak sartuz. Gutunazal hori izengoitiarekin sinatu beharko dute.

16 urtetik beherakoek 'Plazaola-Leitzako aldizkaria-41.zenbakia' testua jarri beharko dute eta irabazleak oparia jasoko du saritzat. 16 urtetik gorakoek, berriz, 'Leitza 2019-Tiburtzio Donearen Pestak-41.zenbakia' adierazi beharko dute eta azken hori irabazten duenak 150 euro jasoko ditu. Lanen erakusketa eta bozketa San Juan bezperan izanen da, plazan.

Azal lehiaketan parte hartzeko epea ekainaren 21ean, ostiralean bukatuko da eta lanak Aurrerak gordeko ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun