Plazaola aldizkariko lanak aurkez daitezke Leitzan

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 7a, 18:00

Pesta usaia sumatzen hasiak dira Leitzan.

Aldizkarirako idatziak ekainaren 30era arte aurkez daitezke eta azal lehiaketarako lanak hilaren 21a arte

Leitzako Santiburtzioak iragartzen dituen Plazaola aldizkaria prestatzeko garaia ailegatu da eta hori osatzen joateko, martxan da azal lehiaketa. Irabazleentzat sariak izanen dira. 16 urtetik beherakoak opari bat jasoko du eta 16 urtetik gorakoetan irabazle izanen denak, 150 euroko saria. Lanak ekainaren 21a baino lehen aurkeztu beharko dira Maimur liburu­dendan edo Aurreran.

Parte-hartzaile bakoitzak nahi adina lan aurkeztu ditzake: margo, marrazki, argazki edo bestelakoak. Aurkeztutako lanek, gutxienez A3 tamaina izan beharko dute eta lanari atzekaldean izenburu edo izengoiti bat jarri behar zaio. Horrekin batera, gutunazal itxi bat aurkeztu beharko da, egilearen datuak bertan sartuz.

Lanak aurkezterakoan 16 urtetik beherakoek Plazaola-Leitzako aldizkaria 41. zenbakia jarri beharko dute eta 16 urtetik gorakoek Leitza 2019-Tiburtzio Donearen Pestak- 41. zenbakia.

Lehiaketara aurkeztutako lan guztiak ikusgai jarriko diztuzte San Juan bezperan eta herritarrak izanen dira beren botoen bidez irabazleak aukeratuko dituztenak. Lanak Aurrerak gordeko ditu.

 

Idatziak

Plazaola aldizkaria osatzeko herritarrak idatziak bidaltzera ere animatu nahi dituzte. Istorioak, burutazioak, kezkak, aldarrikapenak, bertsoak, esketzak kontuak, ipuinak, kritikak, agurrak, txisteak, olerkiak… edo dena delakoa izan daiteke. Lanak aurrerake@hotmail.com helbidera bidal daitezke ekainaren 30a bitarte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun