Atekabeltzen egin duten murala aurkeztuko dute maiatzaren 25ean Leitzan

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 23a, 20:00
Mural dotorea margotu dute Atekabeltzen. Larunbatean aurkeztuko dute pesta giroan.

Kultur Aroaren baitan, beste zenbait ekitaldi ere gauzatzen ari dira eta gauzatuko dira egunotan 

Maiatzaren 8an abiatu zen Leitzako Kultur Aroa eta ekainaren 9ra arte, hamaika proposamen bildu dituzte Leitzako Kultur Taldekoek. Maiatzaren 21ean, asteartean, Atekabeltzen Itziarren Semea dokumentala ikusi eta mahai-inguruan parte hartzeko aukera izan zuten. Maiatzaren 22an eta 24an Xarmant-en eskutik zilarra lantzen ikasteko aukera izaten ari dira, 18:00etan Danbolinen. Ez da  ostiralerako hitzordu bakarra izanen, 18:30ean Atekabeltzen Imanol Kañamaresek  Jaia eta militantzia hitzaldia eskainiko du. Maiatzaren 25ean, larunbatean, Atekabeltzen egin duten murala aurkeztuko dute pesta giroan, 19:00etatik aurrera.

Datozen astekoak

Maiatzaren 29an, Passivhaus etxebizitzen inguruan ariko da solasean Adelina Uriarte Aurreran 19:00etatik aurrera.

Maiatzaren 30ean, osteguna, Aralar: Mundua leku den lurra dokumentala ikusteko aukera izanen dute Aurrera Elkartean 19:30etatik aurrera.

Ikusle izatetik, kameraren aurrean edo atzean jartzeko gonbidapena ere egin nahi izan diete herritarrei. VIII. film labur txapelketa antolatu dute Atekabeltzen eta bildutako lanak ikusgai izanen dira maiatzaren 31n 23:00etik aurrera.

Ekainaren 1ean, larunbatean, musika estiloak ezagutzeko aukera izanen da ipuin- kontaketa eta tailer baten bidez. 11:00etan hasiko da saioa eskolan eta 13:00etan Sorgina pirulinak youtuber izan nahi du emanaldia eskainiko dute. Arratsaldean, berriz, 18:30ean, Atekabeltzen Haur Hezkuntzako tailerrak eginen dituzte.

Ekainaren 2an, 41. Eskulangintza Azoka egitekoa dute eta ekainaren 6an, ostegunean, Asisko Urmenetak Agosti Xaho Leitzan hitzaldia eskainiko du 19:00etan liburutegian.

Ekainaren 8an, larunbatean, egun osoko besta izanen da. Goizean, 11:00etan gaztetxeen arteko mahai-ingurua antolatu dute Atekabeltzen. 17: 00etan Erleta eskolan Tor Magoaren emanaldia izanen dute eta 19:00etan plazan Sagardo Egunari emanen diote hasiera. 23:00etan Jaramonik ez eta Sustrai berriak taldeen kontzertuak izanen dituzte.

Ekainaren 9an, Irribanda ikuskizuna eskainiko dute kiroldegian 18:00etatik aurrera. Sarrerak dagoeneko salgai daude Astiz eta Maimurren eta Lesakako Telletxea argazkidendan, 10 eurotan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun