Udako tailer eta haur txokorako izen-ematea maiatzaren 24tik 31ra irekiko dute Leitzan

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 23a, 13:00
Duela bost urte Haur Txokoan parte hartu zuten neska-mutikoak eta monitoreak.

3 eta 12 urte bitarteko neska-mutikoei zuzendua, uztailaren 1etik 26ra eskainiko dituzte

Aurtengo udan ere, aisialdian euskaraz gozatzeko aukera izanen dute Leitzako haur eta gaztetxoek. Uztailaren 1etik 26ra, udako tailer eta haur txokoak antolatu dituzte Leitzako Udalak, Euskara Zerbitzuak eta Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak. 3 eta 12 urte arteko haurrei eskainitako jarduera da: bi taldetan banatuta, Haur Hezkuntzakoak haur txokoan eta Lehen Hezkuntzakoak udako tailerretan.

Lau txanda eta bi ordutegi aukeran

Lau txanda izanen dituzte aukeran: uztailaren 1etik 5era, 8tik 12ra, 15etik 19ra eta 22tik 26ra. Bakoitzak aukeratuko du zenbat astez emanen duen izena eta ordu kopurua ere, 3  edo 4 orduz joanen diren zehaztu beharko dute: 10:00etatik 13:00etara edo 09:00etatik 13:00etara. Izena emateko epea maiatzaren 24tik 31ra izanen da eta horretarako 012ra deitu beharko da. Urtero bezala, eskuorria eta izena emateko fitxa eskolan banatuko zaizkie ikasleei. Plaza mugatuak izaki, herrikoek lehentasuna izanen dute eta izena emateko ordena ere kontuan hartuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun