Eskola arteko topaketa maiatzaren 25ean eginen dute Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 22a, 06:30

Joan den urtean Areson egin zuten topaketa.

Topaketak berdintasunean eta errespetuan oinarritutako harremanak lantzea eta elkar ezagutzea du helburu

Jai giroan elkartzeko, ongi pasatzeko, herria ezagutzeko, berdintasunean eta errespetuan oinarritutako harremanak lantzeko helburuz, Arano, Areso, Goizueta eta Leitzako haur, guraso eta eskolen arteko topaketa ospatuko dute maiatzaren 25ean Goizuetan. Aurtengoa hogeigarren edizioa izanen da.

Egitaraua

11:00etan hasiko dute topaketa, trikitilariek girotutako kalejirarekin. 11:30ean jokoak eta tailerrak izanen dituzte eta 13:30ean topaketarako prestaturiko dantza eta abestia plazaratuko dituzte. 14:00etan bazkaltzeko bilduko dira (izen-ematea 5 euro) eta ondotik Aralar musika eskolako ikasleen eskutik, dantzarako tartea izanen dute. 16:30ean jokoak eta tailerrak berrartuko dituzte. 17:30ean txokolatea eta bizkotxoa hartuta, topaketa agurtzeko abestia jarriko dute.

 

Autobusa

Aresotik eta Leitzatik joan-etorria lasai egiteko autobusak izanen dira. Antolatzaileek autoz joatea erabakitzen dutenak autoa partekatzera animatu nahi dituzte.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun