Ion Azpirozek eta Uxue Frailek irabazi dute EH Mendi Erronkaren VII. Edizioa

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 20a, 12:25

20:30ean egin zuten sari-banaketa Leitzako plazan.

Garazi Artola eta Ibai Madina izan ziren errelebo lasterketako irabazleak

Dortsala jasotako 784 lasterkarietatik 691k parte hartu zuten lasterketan, 663 gizonezkok eta 78 emakumezkok. Horietatik, erreleboetako modalitatean 36 bikotek parte hartu zuten. 14:45ak aldera iritsi zen helmugara lehendabiziko lasterkaria, Ion Azpiroz Azpiroz berastegiarra.Lehendabiziko emakumea, Uxue Fraile, Azpeitia 16:00ak jo berritan sartu zen Leitzako plazara.

Askoren ahotan zebiltzan bien izenak lasterketa hasi aurretik eta lasterketaren lehendabiziko zatian lehendabiziko postuan ez baziren ere, amaieran ez zuten hutsik egin. Gizonezkoen artean Jonatan Tejada errioxarrak eman zuen ezustekoa. Bera izan zen Lekunberrira arte (45,5 km) lasterketaren buru, baita kilometro bertikalean ere. Baina hortik aurrera, jaun eta jabe izan da berastegiarra. Helmugara 06:45:07an iritsi zen eta Tejada izan zen bigarrena, 06.57.32 denborarekin. Iker Etxeberriak osatu zuen podiuma 07.05.31n.

Lasterketaren bigarren zatian nagusi izan zen Ion Azpiroz.

 

Emakumezkoen artean ere postuen dantza izan zen. Uxue Fraile eta Silvia Trigerosen artean izan zen lehia. Gaintza eta Hirumugarrietan Trigeros izan zen lehendabizikoa baina Lekunberrira iristerako aurrea hartu zion Frailek. Helmugan ia ordu laurdeneko aldea atera zion Uxue Frailek (08.04.34), Silvia Trigerosi (08.18.46). Izaskun Zubizarretak izan zen hirugarrena (08.47.44).

Uxue Fraile Artxuetan gora.

 

Erreleboetan Garazi Artola eta Ibai Madina nagusi

Aurten estreinakoz lasterketa erreleboka osatzeko aukera eskaini zuten eta erantzun bikaina izan zuen ekimenak. 36 bikotek parte hartu zuten, 72 lasterkarik, horietatik 37 emakumezkoak. Putzuzarren eman zioten bikoteek elkarri erreleboa.  Garazi Artola eta Ibai Madina usurbildarrak izan ziren lehenbizikoak (07.10.26) eta haien atzetik, ordu laurden eskasera, Ibarrako Goar Lopetegi eta Izar Amundarain helmugaratu ziren. Leire Baraibar aresoarrak eta Ion Erdaide zumaiarrak osatutako bikotea izan zen helmugan hirugarrena (07.28.41).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun