Aresok doako wifi konexioa instalatzeko dirulaguntza jasoko du

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 17a, 10:30
Konexioak gutxienez 30MB/s beharko ditu.

Europako Batzordeak, joan den asteazkenean, doako wifi konexioa instalatzeko 15.000 euroko dirulaguntza jasoko duten 3.400 udalerrien zerrenda zein den jakinarazi zuen. Beire, Lekunberri, Pitillas, Zangoza eta Uxuerekin batera, Aresok ere laguntza hori jasoko du. Horri esker, udalek eremu publikoan, plazan, parkean, museoetan, liburutegietan eta osasun-etxeetan doako wifi-konexioa instalatuko dute.

Laguntza horiek Europar Batasunak garatutako Wifi4EU programaren harira garaturikoak dira. Egitasmo horrek, 6.000 udalerritan gutxienez eta 8.000tan gehienez, abiadura handiko konexioa bermatzea du helburu eta horretarako 2018-2020 urte bitartean 120 milioiko aurrekontua dute.

18 hilabeteko epean kalitateko konexioa doan

Interesa zuten udalerriek laguntza eskatzeko apirilaren 4tik 5era arteko epea izan zuten eta 10.000 inguruk egin zuten eskaera. Laguntzak jasotzen dituzten momentutik hasita, Udalek wifi konexioa bermatzeko, 18 hilabeteko epea izanen dute. Bien bitartean, Udalek proiektuak egin eta instalakuntza-lanak esleitu beharko dituzte. Era berean, Internet operadorea aukeratu beharko dute, eta zeinahi delarik ere, kontratuak, gutxienez, hiru urtekoa izan beharko du. Baldintzen artean eskainiko den konexioaren kalitatea ere jarri dute: gutxienez 30 MB/s beharko ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun