«Lehen utopia zena errealitatea izan daiteke etorkizunean»

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 18a, 10:30
Txikitatik gustatu izan zaio Iera Agirreri esku-pilota.

Hamar urte baino gehiagoko ibilbidea egin zuen palan eta hainbat txapel ere jantzi zituen. Orain, ordea, txikitako kirolari lotuta dabil: esku-pilotari, hori delako benetan gustuko duena

Eskuz eman zituen aurreneko pilota kolpeak, zazpi bat urte zituela, baina pala eskuetan egin zen ezagun Iera Agirre Iturriaga (Leitza, 1987). Hango eta hemengo pala txapelketetan parte hartuz txapel andana jantzi zituen, tartean, Euskal Herriko pala txapelketak, kluben artekoak, Hego Euskal Herriko eta Errioxako pilotariak biltzen dituen GRABN pala txapelketa...  

«Astean behin pilotari neskak Iruñea aldean elkartzen gara»

«Guk izan ez genuen aukera dute haur eta gazte neskek


13 bat urte zituela hasi zen palan, «esku pilotan aritzeko neska pilotari gutxi izanda, ez nuelako partidak jokatzeko aukerarik izaten». Horregatik erabaki zuen palarekin probatzea. Probatu bakarrik ez, gehiago ere egin zuen: hamar urte baino gehiagoan ibili zen palan. Agirrek, ordea, betitik esku-pilota izan du kirol maitea, bai haurra zela baita orain ere. Hortaz, duela urte batzuk, Emakumezkoen Master Cup pilota txapelketaren arrimuan esku-pilotako txapelketetan parte hartzeko aukera sortu zitzaionean, «ezin izan nion tentazioari eutsi» eta «ez nuen bi aldiz pentsatu». Gisa honetara, txikitako arantza kendu du Leitzako pilotariak.

Nondik datorkizu pilotarako zaletasuna?
Etxean pilota partida asko ikusten zituzten eta txikitatik telebistari erne-erne begira egoten nintzen, ez nuen partida bat bera ere galtzen. Bestalde, Leitzan herriko plazan elkartuz pilotan jolasteko ohitura handia zegoen eta ni ere hor ibiltzen nintzen mutilen artean.

Palan ere ibilitakoa zara eta hainbat txapel jantzitakoa...
Bai, hamar urtetik gora eman nituen palan jolasten eta txapel dezente eskuratzeko aukera izan nuen. Dozena bat edukiko ditut, denak dira bereziak.

Jokoan alde handia dago palan edo eskuz?
Egia da esku-pilotatik palara pasatzeko trantsizioa errazago egiten dela, nahiz eta pala joko azkarragoa izan eta teknika gehiago behar den. Esku- pilotan logikoki eskuetatik askoz ere gehiago sufritzen da.

Duela urte batzuk Ttipi-Ttapari eskainitako elkarrizketan, esku-pilota pala baino nahiago zenuela aitortu zenuen. Orain, aukera baduzula, txikitako arantza kendu duzu?
Horrela da bai. Esku-pilotara bueltatu nintzenerako bizpahiru urte neramatzan pala utzita, baina ezin izan nion eskuz jokatzeko tentazioari eutsi. Garai hartan izan ez nuen aukera ikusi nuen eta ez nuen bi aldiz pentsatu.

Noiz eta nola eman zenuen txapelketan parte hartzeko urratsa?
Master Cup-eko aurreneko edizioan ere parte hartu nuen. Iaz kale egin nuen haurra izan berria nuelako baina aurten berriz ere bueltatzea pentsatua nuen. Azken batean, gaur egun neskentzako dagoen txapelketarik garrantzitsuena edo behintzat oihartzunik handiena duena da.

Azken Master Cup txapelketan, finalaren atarian gelditu zinen, azken partida 18-17 galduta...

Pena handiarekin geratu nintzen finalerdia tanto bakarragatik galduta. Orokorrean txapelketa ona egin genuen. Oso bikote sendoa osatu genuen Olatz Arrizabalaga eta biok, baina finalerdietan arantzatxoa geratu zitzaidan emaitzaz haratago nire mailarik onena ematen asmatu ez nuelako. Ama izan ondotik oraindik partida gutxi jokatu ditut eta nik uste konfiantza falta hori nabaritu nuela.

Lehen Mailan nolako maila dago?
Gero eta maila altuagoa sumatzen da. Gazteak oso indartsu datoz atzetik eta urtetik urtera maila hobea dela igartzen da.

Etorkizuna nola ikusten duzu?
Bide luzea dago oraindik egiteko baina denbora gutxian urrats garrantzitsuak egin direla ikusirik, lehen utopia zen profesionaltasuna etorkizunean errealitate izatera irits daitekeela iruditzen zait. Hori bai, horretarako egiazko borondatea izatea beharrezkoa izanen da eta ez da lortuko berdintasunaren aitzakian bultzadatxoa eman hutsean aritzen badira.

Gizonezkoen parekoa izanen da inoiz emakumezkoen pilota?
Egunen batean profesional izatera iritsita ere, ez zait iruditzen sekula gizonezkoen parekoa izanen denik. Gizarteko alor askotan bezala, kirol orotan are desberdintasun handiagoa dago emakume eta gizonen artean.

Pilotan, zure zein ezaugarri nabarmenduko zenuke?
Aurreko koadroetan abila naizela esanen nuke eta defentsan ere ongi moldatzen naiz.

Eta hobetzekotan zer hobetu beharko zenuke?
Uf, dena! Baina bereziki ezkerra eta aireko jokoa.

Amatasuna, lana, kirola... Nola uztartzen dituzu?
Loari denbora kenduz eta etxekoen laguntzarekin. Bestela ezinezkoa izanen litzateke.

Gaur egun nolako entrenamenduak egiten dituzu?
Egunero saiatzen naiz kirola egiten, bizikletan ibiltzen, korrika... eta astean behin Iruñea aldean elkartzen naiz zonaldeko pilotari neskekin frontoian entrenatzeko.

Lesiorik izan duzu?
Belaunarekin kili-kolo ibiltzen naiz, baina lesio larririk, zorionez, ez dut izan.

Elikadura eta zure gorputza zaintzen dituzu?
Bai, elikadurari begiratzen saiatzen naiz; errendimendua hobea izan dadin laguntzen duela iruditzen zait.

Zein helburu dituzu pilota munduan?
Pilotaz gozatzen jarraitzea gustatuko litzaidake eta bide horretan, txapelen bat irabazteak ilusio berezia eginen lidake.

Zerbait gaineratuko zenuke?
Bereziki haur zein neska gazteak animatuko nituzke pilotan jokatzera. Guk orduan izan ez genuen aukera daukate orain pilotan hasi, gozatu eta gainera nesken artean urte askoan aritzeko.


Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun