780 lasterkari abiatuko dira EH Mendi Erronka osatzera maiatzaren 18an Leitzan

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 14a, 13:00

Emakumeen parte-hartzea sustatu nahi dute aurtengo edizioan. Argazkia: Otxabi

Emakumeen parte-hartzea bultzatzeko asmotan errelebo-lasterketa antolatu dute estreinakoz eta 40 bikotek, 80 lasterkarik, eman dute izena; erdiak emakumezkoak dira 

 

Maiatzaren 18an VII. edizioa beteko du Euskal Herria Mendi Erronkak. Aurten gainera, berrikuntzekin heldu da: 67 kilometroko trail lasterketaz gain, errelebo-lasterketa ere antolatu baitute Leitzan.  Emakumeen parte-hartzea bultzatu nahi zuten eta erantzun beroa izan dute, 40 bikotek  eman dute izena, 80 lasterkarik eta horietatik 41 emakumeak dira.

 

Ibilbidea

Leitzan hasi eta bukatzen da proba, Araitz-Betelu, Larraun eta Lekunberritik pasa ondoren. 67 kmko ibilbidea, 7.200 metroko gainbehera duena, osatu beharko dute bakarka zein erreleboka parte hartzen dutenek, baina erreleboka lasterketa bi zatitan banatuko da: Leitzatik Putzuzarrerainoko bidea eginen du lehenbiziko lasterkariak eta Putzuzartik Leitzarainokoa bigarrenak. Hain justu, kilometro bertikala eta lasterketaren punturik altuena (Irumugarrieta 1.413 metro)  igarota izanen da lekuko aldaketa. Denera, 6 kontrol gune eta 9 anoa gune izanen dira bidean.

Bezperan ekitaldiak

Maiatzaren 18an, larunbatean, izanen da lasterketa baina bezperan, nabarituko da giro berezia. 17:00etatik 20:00etara dortsal-banaketa eginen dute  Leitzako plazan eta 19:15ean Tour de Geants dokumentala ikusteko aukera izanen da udaletxean Silvia Trigerosen eskutik.

Iker Karrerari omenaldia

Larunbatean, 06:00etatik 07:30era dortsalak biltzeko aukera izanen dute eta 07:30etik 08:00etara korralitoa eginen dute.  08:00etan abiatuko dira lasterkariak baina aurretik, 07:30ean, Iker Karrerari omenaldia eginen diote. Mendizale eta mendiko lasterkari sonatua da amezketarra (Gipuzkoa). Hasieratik parte hartu izan du EH Mendi Erronkan, 2014. urtean irabazi zuen eta kilometro bertikaleko errekorra jarri zuen 2015ean. Antolatzaileen esanetan, EH Mendi lasterketarekin izan duen harreman estuaz gain, bere kirol ibilbideak aipamen eta aitortza berezia merezi dute: ´2003an egin zuen lehendabiziko mendi-lasterketa, Jakan, Oroelgo Igoera eta pasa den urtera arte munduko onenekin ibili izan lehian.15 urteko ibilbideari 2018an eman zion bukaera Chamonixen UTMBaren PTL ultra-trailean jantzi baitzuen azkenekoz dortsalaª.

Lehenengo lasterkaria 14:00etan

Lehenengo lasterkaria 14:00ak aldera espero dute Leitzako plazan eta 21:00ak arteko tartea izanen dute parte-hartzaile guztiek helmugara iristeko. Bertan, ongi irabazitako paella jateko aukera izanen dute.  20:00etan izanen da sari-banaketa.

Hondakinak murrizteko erronka

Lasterketak berak ere erronka berri bat ezarri du: hondakinak kudeatzeko eredu berria ezartzea. Horretarako, anoa guneetan edalontzi eta ontzi berrerabilgarriak erabiliko dituzte eta ongi bereizi eta birziklatzeko deia egin dute.

Auzolanaren beharra

Azpimarratu behar da Areso, Leitza, Araitz-Betelu, Larraun eta Lekunberriko herritarrek elkarlanean antolatzen dutela lasterketa eta boluntarioak direla egunean berean zein aurretik proba antolatzen  lanean aritzen diren guztiak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun