«Sariez harago, bizitako esperientzia oso polita izan da»

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 18a, 09:30

Haritz Azpirotz leitzarra.

Haritz AZPIROTZ ERBITI Leitza

Gaztea, gazte argia da Haritz Azpirotz. Hamahiru urte ditu eta Leitzako Amazabal institutuko ikaslea da: «Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehendabiziko maila ikasten ari naiz».

Astelehenetik ostiralera klasez klase ibili ondotik, asteburuak «bizikletaz ibiltzeko edota lagunekin egoteko» baliatzen ditu. Tartean, «robotika tailerrak» ere izaten ditu: «zortzi urte nituela hasi nintzen MTorres enpresak eskaintzen dituen tailerretan». Tailer horiei esker ezagutu zuen First Lego League (FLL) robotika txapelketa eta aurten «hirugarren aldiz» parte hartu du, Legotronic Beavers taldean: «MTorreseko hamar lagun bilduta osatu dugu taldea».

108 talde lehiatu ziren Detroiten eta Legotronic Beavers taldean robotaren diseinua eta jokaerarekin lehendabiziko saria eskuratu zuten

Txapelketan «robotak eta tresneria baliatuz, eta Mindstorms programaren bidez», proba batzuk gainditu behar izan dituzte. Horrez gain, «zientzia-proiektu bat landu eta aurkeztu behar izaten dugu eta aurten Into Orbit izenekoa sortu dugu». Guztira «bost kontinenteetako 36.000 taldek» parte hartu dute. Azpimarragarria izan da Legotronic Beavers taldeak egin duen ibilbidea. Nafarroakoan txapeldun izan ziren, estatu mailakoan bigarren, eta horri esker mundu mailako txapelketara sailkatu ziren: «108 talde lehiatu gara apirilean Detroiten (Estatu Batuak)». Bost eguneko egonaldia egin dute «standa muntatu, entseguak egin, proiektua aurkeztu eta lehiaketa jokatu» zuten.

Handik ere berri onak ekarri dituzte: «robotaren diseinu mekanikoan lehendabiziko saria eskuratu dugu, baita robotaren jokaeran ere». Sari horiek «ezustean baina ilusio handiz» jaso dituzte. Areago, Azpirotzek adierazi duenez, sariaz gain, han bizitakoa «oso polita» izan da: «Scott Evansekin (FLLko robotaren proba diseinatu duena), espazioan egon den Gerhard astronautarekin, Quenteen Greenholt saria diseinatu duenarekin... egon gara. Hori harrigarria eta hunkigarria izan da».

Esperientziaz gozatuta, ikasturte bukaerako azterketei begira hasteko tenorea iritsi zaio leitzarrari: «prestatzen hasia naiz eta ongi moldatzen ari naiz» adierazi digu. Pausoz pauso ikasteko eta gozatzeko aukerak bidea zehazten lagundu dio. Bere adineko askok ez bezala etorkizunera begira, asmo argiak ditu: «ingeneriatza mekanikoa ikasteko asmoa dut».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun