212 korrikalarik osatu dute VI. Goizutrail mendi lasterketa

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 13a, 12:04

25 kilometroko ibilbide luzean, 99 korrikalarien artean, Altzoko Iñaki Olano eta Usurbilgo Rosa Uribe nagusitu dira, laburrean, Aritz Mujika andoaindarra eta Ane Elzaurdia beratarra eta bikoteka Jon Labaka eta Mikel Leal gipuzkoarrak. Argazkiak: Felix Loiarte

Maiatzaren 11n burutu zen Goizutrail mendi lasterketaren seigarren edizioa. Azken edizioetan bezala, bi ibilbide izan zituzten aukeran korrikalariek, 25 kilometrokoa eta 10 kilometrokoa eta erreleboka egiteko aukera ere izan zuten lehen aldiz. Denera 212 korrikalarik bukatu zituzten lasterketak, 99k luzeena, 83 laburrena eta 15 bikotek erreleboka. Luzeena egiten bizkorrenak Iñaki Olano eta Rosa Uribe gipuzkoarrak izan ziren, laburrena egiten Andoaingo Aritz Mujika eta Berako Ane Elzaurdia eta bikoteka Jon Labaka eta Mikel Leal gipuzkoarrak.

 

Ibilbide luzea

Altzoko Iñaki Olanok 2 ordu, 10 minutu eta 25 segundo behar izan zituen lasterketa luzea burutzeko. Podiuma osatu zuten bertze bi korrikalariak, Azpeitiko  Xabat Manzisidor (2:12:09) eta Urnietako Xuban Ezeiza Zapiain (2:14:56) izan ziren. Eskualdeko lehen korrikalaria Hodei Lujanbio goizuetarra izan zen, zazpigarren izan baitzen, iazko bere denbora 13 minutu baino gehiagotan hobetuz (2:19:06). Berako Unai Elizagoien hogeigarren izan zen (2:36:46).

Emakumezkoetan, Usurbilgo Rosa Uribek 2 ordu, 51 minutu eta segundo bat behar izan zituen garaipena lortzeko (45. izan zen sailkapen orokorrean), Elgetako Iratxe Alonso bigarren izan zen (3:17:23) eta Nerea Arriaga oriotarra hirugarren (3:24:29). Ez zen eskualdeko emakumerik izan ibilbide luzean

 

Ibilbide laburra

Ibilbide laburrean, Andoaingo Aritz Mujikak 50 minutu eta 57 segundo behar izan zituen irabazteko, bigarren izan zen Jokin Arretxea narbartearrak 51 minutu eta 22 segundo eta, iaz bezala, hirugarren izan zen Nacho Lopez hondarribiarrak 52 minutu eta 28 segundo. Eskualdeko korrikalariei dagokienez, bigarren izan zen Jokin Arretxea narbartearraz gain, Berako Jon Iparragirre hamabosgarren izan zen (1:00:46) eta Mikel Elzaurdia hogeita hirugarren (1:04:22).

Emakumezkoetan, Berako Ane Elzaurdia nagusitu zen (1:02:53) eta hemezortzigarren izan zen sailkapen orokorrean, Hernaniko Almudena Carvajal bigarren izan zen (1:05:04) eta Donostiako Leticia Ainhoa Arrillaga hirugarren izan zen (1:06:11). Ainhoa Etxegarai beratarra zazpigarren izan zen (1:10:08) eta Maialen Apezetxea goizuetarra hamargarren (1:13:14)

 

Bikoteka

Bikoteka, hamabost bikoteren artean, Jon Labaka urnietarra eta Mikel Leal irundarra izan ziren bizkorrenak (2:34:38). Uharteko Juan Mari Negredo eta Maider Frailek (2:39:28) eta Goizuetako Iñaki eta Patxi Etxeberria Aranaz anaiek (2:40:00) osatu zuten podiuma. Egoitz Zubiri goizuetarrak eta Beñat Lekuona donostiarrak osatutako bikotea zortzigarren izan zen (2:52:41), Doneztebeko Iker eta Maider Irazoki Mikelarena anai-arrebak bederatzigarren (2:54:48), Leitzako Aitor Artola eta Miren Otermin hamargarren (2:56:32) eta Aritz Loiarte eta Mikel Perurena goizuetarrak hamalaugarren (3:20:43).

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun