II. Udakolore balkoi-lehiaketa antolatu du Goizuetako Udalak

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 4a, 15:00
Joan den urteko irabazlea.

Maiatzaren 8an, asteazkenean, loreak erosteko aukera izanen dute herrian

 

Goizuetako Udalak herritarrek zein turistek ingurune atsegin eta ederraz gozatzeko helburuz, II. Udakolore balkoi-lehiaketa antolatu du. Herritarrek balkoiak nahi bezala apaindu ahal izanen dituzte eta epaimahaikideek etxeaaren aurrealdearen zainketa eta itxura, balkoi eta leihoen edertasuna, apainketaren originaltasuna, loreen konposizioa eta elementu osagarriak hartuko dituzte kontuan.

Lehiaketan parte hartzeko ez da izenik eman behar. Uztailaren 13an, goizean, epaileak herrian barna ibiliko dira, balkoi ederrena aukeratzeko. Irabazlea egunean bertan jakinaraziko da Udalaren webgunean eta herriko komertzioetan gastatzeko 150 euro emanen zaizkio saritzat. Erosketa-txartela erabiltzeko hiru hilabeteko epea izanen du.

Lehiaketarako prestatzen hasi nahi dutenek herrian bertan loreak erosteko aukera izanen dute maiatzaren 8an, asteazkenean. Egun horretan lore-saltzailea herrira joanen zaie.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun